GEURE BIZITZA BIRNORABIDETU
Ez da beti erraza izaten, bizitzako uneren batean senti genezakeen ondoez eutsi eta sakon horri izen bat ematea. Hori aitortu izan didate, behin baino gehiagotan, bestetik, «gauza desberdin baten» bila, «argi berri baten» bila, agian beraien eguneroko bizitzari beste kolore bat ematen ahal liokeen esperientzia baten bila zebiltzanek.
Deitzen ahal diogu edo «barne hutsunea», edo atsekabea, edo sakonki bizitzeko gogoa beteko lukeen zerbait gotorrik aurkitzeko ezgaitasuna. Agian, hobe «asperdura» deitzea, beti gauza bera bizitzearen nekea, bizitzaren sekretua ezin aurkitzearen sentsazioa: funtsezko zerbaitetan erraturik ibili ohi gara eta jakin gabe, zehazki, zertan.
Batzuetan, krisiak itxura erlijiosoa hartzen du. Hitz egin al genezake «fedea galtzeaz»? Ez dakigu jada zertan sinetsi, ezin lortu du ezerk ere gu barnean argitzea, alde batera utzia dugu garai bateko erlijio xalo hura, baina ez dugu aurkitu ezer hobeagorik. Orduan, sentsazio arrotz bat senti genezake geugan: bizitza norabidetzeko inongo giltzarik gabe gelditu izana. Zer egin orduan?
Lehenik eta behin, amore ez ematea da kontua, ez tristurari, ez amorruz erretzeari: dena ari zaigu bizitzera deitzen. Hain eutsia den ondoez horren baitan bada gauza bat arrunt osasungarria: zerbait baikorrago eta ez-gezurrezko bat, zerbait duinago eta ez-artifizial bat: bizitzeko geure gogoa. Behar duguna, geure bizitza berriro norabidetzea da. Arazoa ez da, nire, pertsona honen, alderdi jakin bat zuzentzea. Oraingoan garrantzizko gauza, funtsezkora jotzea da kontua, bizi- eta salbazio-iturri bat topatzea.
Zergatik ez egin geldialdi bat, Jesusek esnatzeko egiten digun premiazko dei hori aditzeko? Ez al dugu sentitzen haren hitz hauek aditzeko premia?: «Bizi erne», «erreparatu bizitzen ari zareten uneari», «esnatzeko ordua da». Denok dugu geure buruari galdetu beharra zer ari garen zabar uzten geure bizitzan, zer dugun aldatu beharra eta zeri behar diogun eskaini arreta gehiago eta denbora gehiago.
Jesusen hitzak guztioi eta bakoitzari doazkigu: «Bizi zain-zain». Erreakzionatu beharra dugu. Hala egiten badugu, une arraro horietako bat biziko dugu, zeinetan «esna» sentituko baikara geure izatearen hondoenaren hondoan.
Jose Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain