ERREAKZIONATU
Gaur egungo uneaz ezagutzen ditudan entseguek asko azpimarratzen dituzte egungo gizarte honen kontraesanak, krisialdi soziokultural eta ekonomikoa, eta aldi hauetako izaera gainbeherazkoa.
Dudarik gabe, mintzo dira ontasun- eta edertasun-zipriztinez ere, eta jatortasun- eta eskuzabaltasun-keinuez ere; baina ematen du hau guztia ezkutuan gelditzen dela gaitzaren indarraren, bizitza hondatzearen eta zuzengabekeriaren pean. Azken batean denak «zoritxar-profezia» dira.
Ahaztu egiten da, eskuharki, datu bat izugarri esperantzazkoa. Haziz doa pertsona askoren kontzientzian sumindura-sentimendu bat zuzengabekeriaren, andeatzearen eta sufrimenduaren aurrean. Asko dira etsitzen ez duten gizon-emakumeak gizarte hain gizatasun gutxikoa onartzera. Bihotzetik «ez» irmo bat darie gizatasun-ezaren aurka.
Gaitzaren aurkako kontrakotasun hau komuna dute kristauek eta agnostikoek. E. Schillebeeckx teologo holandarrak zioen bezala, «esan daiteke badela gizarte moderno honetan fronte komun bat, fededunen eta fedegabeena, mundu hobeago baterantz, itxura gizatiarragoko baterantz».
Erreakzio honen hondoan gauza desberdin baten bilaketa nabari da, esperantza-gordetegi bat, gizartean beterik ikusten ez den zerbaiten gurari bat. Sentimendu bat da, ezen gizatiarrago izaten ahal ginatekeela, zoriontsuago eta hobeago gizarte zuzen batean, beti ere mugatua eta behin-behinekoa izango litzatekeen arren.
Testuinguru honetan gaurkotasun berezi bat nabari zaio Jesusen dei honi: «Egon adi». Iratzartzera eta buruargi bizitzera gonbidatzen gaituzten hitzak dira, gizarte honetan ezartzen den orori pasiboki utzi gabe herresta eta bere modura eratu gaitzan.
Agian hau da lehenengo gauza. Erreakzionatu eta esna eutsi mundu horri kontra egiteari eta asaldatzeari. Ausartu desberdin izaten. Ez jokatu guztiek bezala. Ez bat egin gizarte honetako gizatasun-ezarekin. Kontraesanean bizi erdipurdiko eta zentzugabe izatearekin. Ekin erreakzionatzeari.
Bi konbentzimendu hauek animatu behar gaituzte. Batetik, gizakiak ez du galdu gizatiarrago izateko eta gizarte duinago bat antolatzeko bere gaitasuna. Bestetik, Jainkoaren Espirituak jardunean jarraitzen du historian eta pertsona bakoitzaren bihotzean.
Daitekeena da gizarte honek bizi duen norabide erratua aldatzea. Behar dena, kasu guztietan, jende buruargi gehiago izatea da, zorakeria honen barnean zentzutasun gehiago txertatzeko, horrenbesteko hutsune etikoren barnean zentzu morala itsasteko, bihotzik gabeko hainbateko pragmatismoaren baitan giza berotasuna eta solidaritatea ufatzeko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain