ZERUERTZA ILUN BIHURTZEN DENEAN
Esperantza-falta aldaketa sakonak eragiten ari da gure artean, eta, askotan, ezin atzeman izaten ditugunak. Konturatu gabe kasik, galduz doaz zeruertzetik helburutzat bizitza gizatarragoak dituzten politikak. Gero eta gutxiago hitz egiten da liberazio-programez edota herrien artean zuzentasun eta solidaritate handiagoak bilatzen dituzten egitarauez.
Etorkizuna ilun ikusten denean, segurtasuna nahi izaten dugu guztiok. Ez dadila ezer ere alda: duguna, ondo doakigu-eta. Ez dezala inork arriskuan ipini gure ongizatea. Ez da hau guztientzat ideal handiago baten bila pentsatzen hasteko garaia, baizik eta ordena eta lasaitasuna defenditzekoa.
Ematen du, ez dakigula, kasik senezkoa den erreakzio hau baino harago joaten. Adituek esaten digute ezen ingurumen-problema larriek, etsipenezko terrorismoaren fenomenoak edota ongizatearen gizartean muturra sartzen ari den gose direnen eraso hazkorrak ez direla ari eragiten, itxuraz, inolako aldaketa sakonik gizabanakoen bizitza pertsonalean. Soilik, beldurra eta segurtasun-bilaketa. Nork bere ongizate txikiaz ahalik gehien gozatzea dute helburu.
Dudarik gabe, askok sentitzen dugu erru, lotsa eta tristura-sentipen arraro bat. Sentitzen dugu, gainera, konplizitate-modu bat ere geure axola-ezagatik eta erreakzionatzeko geure gaitasun-faltagatik. Hondo-hondoan, ez dugu ezer jakin nahi mundu berri batez; soilik, geure segurtasuna dugu geure kezka.
Kristau-iturriek Jesusen dei bat gorde dute une galgarrietarako: «Esna, bizi esna». Zer adierazten digute gaur egun hitz horiek? Esna zaitezte egoismoan leun igarotzen ari den bizitzatik? Esna zaitezte kontzientziaren ahotsa entzutea une orotan eragozten ari den gauza ororen arinkeriatik? Libera zaitezte axola-gabeziatik eta etsipenetik?
Kristau-elkarteek ez al lukete izan behar leku berezi bat esna bizitzen ikasteko, begiak itxi gabe, mundutik ihes egin gabe, sufritzen ari direnei bizkarra emanez Jainkoa maitatu nahiz?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain