GEURE BEKATUAK AITORTU
«Jainkoaren Seme Jesu Kristoren Berri Onaren Hasiera». Horra Markosen ebanjelioaren hasiera itzaltsu eta pozgarria. Baina, segidan, bat-batean eta besterik gabe, bere Mesias eta Jauna onartu ahal izateko herri guztiak beharrezkoa duen premiazko bihotz-berritzeaz hasi da.
Basamortuan profeta desberdin bat agertu da. «Jaunari bidea prestatzera» dator. Horixe du profeta hark Jesusi egin behar dion zerbitzu handia. Haren deia ez doakio lagun bakoitzaren kontzientziari soilik. Lagun bakoitzaren bihotz-berritze morala baino zerbait gehiago nahi du Joanek. «Jaunari bidea prestatzea» da kontua, bide jakin eta guztiz zehatza, Jesusek berak egingo duen bidea, jende askoren itxaropen konbentzionalei huts eginez.
Hunkigarria izan da herriaren erreakzioa. Ebanjelioaren arabera, Judea eta Jerusalem alde batera utzi, eta «basamortuko» bideari ekin dio, deika nabari duen ahotsa entzuteko. Jainkoarekiko, bere adiskide eta aliatu harekiko, antzinako bere leialtasuna gogorarazi dio basamortuak; batez ere, ordea, lekurik hobena da hura bihotz-berritzeko deia entzun ahal izateko.
Bizi duen egoeraz jabetu da han herria; kanbiatu beharra ekarri dio burura; bere bekatuak aitortu ditu han, bata besteari errua botatzen ibili gabe; salbazio-beharra sumatu du. Markosen arabera, «beren bekatuak aitortzen zituzten» eta Joanek «bataiatu egiten zituen».
Kristautasuna bizitzeko gure moduak behar duen konbertsioa ezin da inprobisatu. Barne-biltze eta barne-lan luzea eskatzen du. Urteak beharko dira, Elizan egia zinezkoago eta handiago egin dezagun arte, eta gure kristautasunaren erdigunean Jesu Kristo onartu ahal izateko beharrezkoa den konbertsioa barruntatu ahal dezagun arte.
Hau izan liteke gaur egun gure tentazioa: «basamortura» ez joan nahi izatea. Konbertsio-premiari izkina egitea. Aldatzera dei egiten digun ahots bati ere kasurik ez egitea. Edozein gauzarekin geure arreta zabartzea, geure beldurra ahantzi eta Jesu Kristoren egiari «bai» esateko geure adore-falta disimulatzeko.
Miresgarria da judu-herrian ageri den «bere bekatuak aitortu» delako irudi hori. Ez ote gara egungo kristauok kontzientzi azterketa kolektibo bat egin beharrean, maila guztietan, geure hutsegiteak eta bekatuak aitortzeko? Aitorpen hori gabe, daitekeena ote «Jaunari bidea prestatzea»?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain