BASAMORTUA INGURUMEN
Lukasek ardura berezia agertu du une hartan botere politikoa eta erlijiosoa kontrolatzen duten pertsonen izenak zehatz emateko. Bere esku dute haiek guztia planifikatzea eta gidatzea. Alabaina, Jesu Kristoren gertaera erabakitzailea haien eraginaren eta boterearen eremuz kanpo prestatu eta gauzatu da, haiek ezer jakin eta erabaki gabe.
Horrela agertu ohi da beti munduan eta gure bizitzan gauzarik funtsezkoena. Horrela sartu ohi da giza historian Jainkoaren grazia eta salbazioa. Funtsezkoena ez da egoten boteretsuen esku. Guztiz labur dio Lukasek: «Jainkoaren hitza basamortuan etorri zitzaion Joani», ez inperioko Erroma hiriburuan, ezta Jerusalemgo Tenpluaren barne sakratuan.
Ezin da inon entzun basamortuan baino hobeto mundua aldatzeko Jainkoak dagien deia. Egiaren lurraldea da basamortua. Funtsezkoa bizitzeko tokia da. Han ez da lekurik alferrik den ezertarako. Han ezin bizi da inor premiazko ez diren gauzak pilatuz. Ezinezkoa da han luxua eta arrandia. Bizitza norabidetzeko bide egokiaren bila ibiltzea da gauza nagusia.
Horregatik, profeta askok basamortua amestu ohi zuen, bizitzan gauzarik xumeena eta funtsezkoena denaren sinboloa delako; Jainkoaren aurkako hainbat desleialtasunek eta herriaren aurkako hainbat zuzengabekeriak kutsatu gabeko biziaren sinbolo delako. Basamortuaren ingurumen horretan, «Bataioaren» egundoko sinboloa hots egiteari ekin dio Joan Bataiatzaileak; bihotz-berritzearen, garbi bihurtzearen, barkazioaren eta biziera berri baten hasieraren sinboloa izango da bataio hori.
Eta, gaur, nola erantzun dei horri? Isaias profetagandik hartutako irudi batean laburbildu du Bataiatzaileak: «Prestatu bidea Jaunari». Geure bizitzan oztopo eta kontrakotasun askorekin topo egin ohi dugu, Jainkoa gure bihotzera eta elkarteetara, gure Elizara eta mundu honetara iristea eragozten edo zailtzen duten askorekin. Jainkoa beti hurbil izango da. Guri dagokigu bidea urratzea, Jainkoa Jesusengan gizon eginik onartu ahal izateko.
Isaiasen irudiak oso oinarrizko konpromisora eragiten digu: funtsezkoaz gehiago arduratzera, bigarren mailakoetan galdu gabe; zuzentzera, guztien artean desitxuratu izan duguna; bide okerra zuzentzera; geure bizitzako benetako egia aintzat hartzera, bihotz-berritzearen jarrera berreskuratzeko. Arduraz jokatu beharra dugu geure haurren bataioaren inguruan; baina «bihotz-berritzearen bataioa» da guztiek guztien gain behar duguna.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain