EZ AL DUGU JAINKOAREN
BEHARRIK GEURE ARTEAN?
Bada galdera bat urtero etorri ohi zaidana, kaleetan prestaketak hasi direla erreparatzen diodanean, Eguberriak hurbil direla iragartzeko. Zer egiazkorik geratzen da, ordea, probetxu kontsumistak eta erdipurdiko gure jarrerak hartaraino narrastu dituzten jai horien hondoan?
Eta ez naiz bakarra. Jende askori entzuten diot hitz egiten Eguberri jaien azal-huskeriaz, familiaren eta sukalde epelaren izaera galdu izanaz, sinbolo erlijiosoak hain lotsagabeki maneiatzeaz eta Eguberriak gaur egun itxuragabetzen dituzten hainbat eta hainbat gehiegikeriaz eta zentzugabekeriaz.
Alabaina, arazoa sakonagoa da. Nolatan ospa lezake «gizon egindako Jainkoaren» misterioa, praktikan Jainko berorri atzea emanik bizi den eta gizakiaren duintasuna hainbat eratan desegiten ari den gizarte batek?
Nolatan ospa lezake «Jainkoaren jaiotza» gizarte batek zeinetan G. Lipovesky frantses irakasleak, gaur egungo axolarik eza deskribatzean, hitz hauek esan izan ahal baititu: «Jainkoa hil da, xede handiak galdu dira, baina jende guztiari bost axola; hau al da albiste zoriontsua»? Itxuraz, aski jende dago zeinentzat gauza bertsua baita sinestea nahiz ez sinestea, «Jainkoa hil da» nahiz «Jainkoa jaio da» entzutea. Halakoen bizitza beti bezala doa edo dabil. Ematen du ez dutela jada Jainkoaren beharrik.
Eta, halere, gure egunotako historia bultza eta bultza ari zaigu galdera larri batzuk egitera. Duela denboratxo bat, «Jainkoaren heriotzaz» hitz egin ohi zen; gaur egun, «gizakiaren heriotzaz» hitz egiten da. Duela urte batzuk, «Jainkoa ezkutatzear dela» aldarrikatzen zen; gaur egun, «gizakia ezkutatzear dela» iragartzen da. Ez ote da guztia, Jainkoaren heriotzak berekin dakarrela, ezinbestean, gizakiaren heriotza?
Jainkoa geure bizitzatik uxaturik, geuk kreaturiko eta geure kontraesanak eta miseria islatu besterik egiten ez digun mundu batean hesiturik, nork esaten ahal digu nor garen eta zer den zinez nahi duguna?
Ez ote dugu behar Jainkoa gure artean berriro jaio dadin, argi berriz gure kontzientzian erne dadin, gure gatazken eta kontraesanen artean burruntzalia sar dezan?
Jainko horrekin topo egin ahal izateko, ez dugu urrunera joan beharrik. Aski dugu, isil-isilik, geure buruari begira jartzea. Aski dugu geure galderarik eta guraririk hondokoenetan sakontzea.
Hauxe da Eguberrien mezua: Jainkoa zeugandik hurbil duzu, zeu zauden lekuan, haren Misterioari bihotza irekitzen badiozu. Jainko ezin atzemana gizon egin da eta bil-bil egin gaitu beraren hurbiltasun misteriotsuak. Gutako bakoitzarengan jaio daiteke Jainkoa.
Jose Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain