MARIA, JESUSEN AMA
Mariaganako debozioak nolabaiteko jaitsiera jasan du, hein batean abusu eta desbideratze nabarmenek eragina; baina gaur egun Mariaz interesatzera itzuli gara kristauak, kristau-esperientziaren baitan beri benetako lekua eman nahiz.
Arazoa ez da Mariagana jotzea «mezu apokaliptikoak entzuteko, erlijiogabetasunak eta fedegabetasunak leporaino hartua den munduari zigor izugarriz mehatxu eginez, eta aldi berean esanez, Mariak bere amatasun-babesa eskaintzen diela penitentzia edota otoitz jakin batzuk egiten dituztenei.
Arazoa ez da otoitz-zaletasun bat sustatzea ere, sekretuki ama idealizatu batekiko haur-menpetasuna eta fusioa eraginez. Duela asko jarri gintuen psikologiak arrisku honen jakinaren gainean: Maria «Birjina eta Ama» bezala faltsuki goratzen duen debozio baten arriskua, alegia, hondo-hondoan «benetako emakumea» mespretxatzea dakarrena gizonezkoaren betiko tentatzailetzat emanez.
Badugu irizpide bat Mariarekiko debozioa «kristau-egia» den ala ez jakiteko: ikustea da, ea fededunari bere baitan bil-biltzera eragiten dion ala Jainkoaren egitasmoari begira jartzen duen; ea fededuna atzera begira jartzen duen «irudimenezko ama» batekiko haur-erlazioa eraginez ala bere fedea era helduan eta erantzukizunezkoan bizitzera eragiten dion, Jesu Kristori leial jarraitzeko.
Gaur egungo mariologia ahalegin handia egiten ari da kristauei Mariaz ikuspegi hau eskaintzeko: Maria Jesu Kristoren Amatzat hartzea, beraren Semearen lehen ikasletzat eta benetako kristau-bizitzaren eredutzat hartzea.
Zehazkiago esateko, Maria gaur egun Jainkoa leial onartzearen eredua dugu, esanekoa den fedearen jarreraz; beraren Semearekiko zerbitzari-jarreraren eta sufritzen ari diren guztiekiko ardura solidarioaren etsenplua dugu; beraren Semeak predikatu eta sustatu duen «Jainkoaren Erreinuaz» konprometitua den emakumea dugu.
Bizi ditugun nekearen eta fedegabeko pesimismoaren egun hauetan, Mariak, Jainkoarekiko errotiko bere obedientzia eta esperantza fidatua direla medio, ondo gida gaitzake kristau-bizitza sakonago eta Jainkoarekiko leialago den batera.
Mariarekiko debozioa ez da, beraz, bigarren mailako osagai bat jende «xumearen», jarduera eta erritu ia folklorikoei emana den jendearen, erlijioa elikatzeko, Aitzitik, Mariagana hurbiltzea, Kristoren misterioa aurkitu eta onartzeko bizi-punturik hobenean jartzea dugu. Mateo ebanjelariak «Emmanuelen» amatzat aurkeztu digu Maria, hau da, Jesusengana, «Jainkoa gurekin» den horrengana, hurbiltzen ahal gaituena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain