JAINKOA GURE ARTEAN
Joan ebanjelariak, Jainkoaren Semearen gizakundeaz hitz egitean, ez digu ezer esaten hain familiarra den mundu horretaz: artzainez, ganbelaz, aingeruez eta Jainko Haurra Mariarekin eta Joserekin egoteaz. Misterio horretan beste hondo batetik sartzera gonbidatzen gaitu Joanek.
Jainkoagan zen Hitza, Jainkoak komunikatzeko duen Indarra. Hitz horretan bizia zegoen eta argia. Hitz horrek jarri zuen abian kreazio osoa. Gu geu ere Hitz misteriotsu horren fruitu gara. Hitz hori haragi egin da orain, eta gure artean jarri da bizitzen.
Hau guztia, ordea, ederregia dela iruditzen zaigu egia izateko: haragi eginiko Jainko bat, gure ahuldadearekin bat egina, gure hatsa arnastuz eta gure problemak sufrituz. Horregatik jarraitzen dugu Jainkoa goi-goian bilatzen, zeruetan, hemen lurrean dagoelarik.
Kristauen kontraesan handietako bat gogotsu aitortzea da Jainkoaren gizakundea eta ondoren ahaztea Kristo gure artean dagoela. Jainkoa gure bizitzaren hondora jaitsi da, eta, halere, bizitza hutsik dagoela uste izanez jarraitzen dugu. Jainkoa giza bihotzean bizitzera etorri da, eta, halere, barne hutsune jasanezina sentitzen dugu. Jainkoa gure artean errege izatera etorri da, eta, halere, ematen du guztiz absente dagoela gure harremanetatik. Jainkoak gure haragia hartu du, eta, halere, haragizkoa den oro duinki nola bizi ez dakigula bizi gara.
Gure artean ere bete dira Joanen hitz hauek: «Bereetara etorri zen eta bereek ez zioten harrerarik egin». Jainkoak harrera ona bilatzen du gugan, eta gure itsutasunak ateak ixten dizkio Jainkoari. Eta, halaz guztiz, posible da begiak irekitzea eta Jainkoaren Semea kontenplatzea «graziaz eta egiaz betea». Sinesten duenak beti du zerbait ikusten. Bizia ikusten du grazian eta egian bil-bil egina. Bere begietan argi bat du aurkitzeko, bere bizitzaren hondo-hondoan, den-dena betetzen duen Jainko horren egia eta grazia.
Oraino itsu gaudela? Geure burua bakarrik ikusten dugula? Bizitzak geure bihotzean daramatzagun kezka koxkorrak bakarrik islatzen dizkigula? Utz dezagun gure bihotza gaur ere gure baitan bizi nahi duen Jainkoaren bizi horrek har dezan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain