JESUS BERE HERIOTZAREN AURREZ AURRE
Jesusek benetan aurreikusi du heriotza indarrez ezartzen ahal diotela. Agian, ez du sumatu, ez erromatar agintariek parte hartuko dutela, ez bere azken zoria seguruenik gurutzea izango duela. Baina ezaguna du giza sailik boteretsuenen artean bere jarduera eragiten ari den erreakzioa. Jesusek aurkeztu digun Jainkoaren aurpegiak eskema teologiko asko desegiten ditu, eta hots egin duen erregetzak segurtasun politiko eta erlijioso asko hautsi.
Halaz guztiz, ezerk ere ez du aldarazi beraren jarduera. Ez dio ihes egin heriotzari. Ez da defendatu. Ez dio ihesari eman. Ez dabil, ordea, bere hondamenaren bila. Jesus ez da bere heriotza jarrera suizidaz bilatu duen gizon. Jerusalemen bizi izan duen egonaldi laburrean ezkutuan jarduten saiatu da eta jendaurrean ez agertzen.
Jesusek bere heriotza nola bizi izan duen jakin nahi badugu, beraren azken portaerari zentzua ematen dioten oinarrizko bi jarrerei erreparatu behar diegu. Bere bizitza guztia izan du bere buruaren eskaintza osoa, Jainkoaren arazoagatik eta gizon-emakumeen zerbitzu askatzaileagatik. Heriotzak, orain, zigilatu egingo du bizi izan duen bizitza osoa. Aitari leial eta gizon-emakumeekin solidario izateagatik hilko da.
Lehenik, Aitagan konfiantza osoa ezarriz egin dio aurre bere heriotzari. Heriotzara doa, konbentziturik ezen bera erailtzeak ezin eragotziko duela Jainkoaren erreinuaren etorrera, zeina azkeneraino hots egin baitu.
Agur-afarikoan, bere uste osoa azaldu du Jesusek ezen itzuliko dela egiazko Pazkoa bereekin jatera, Jainkoaren behin betiko erreinua ezarriko denean, gizakiok egin genitzakeen zuzengabekeria guztiak gainditurik.
Alabaina, denak porrot egin duela eta Jainkoak berak ere sasi-profeta bailitzan eskutik utzi duela ematen duenean, hain justu legearen izenean gaitzetsirik, orduantxe egin du oihu hau Jesusek: «Aita, zure eskuetan uzten dut neure bizia».
Bestetik, solidaritate-jarreran hil da Jesus eta guztiekiko zerbitzu-jarreran. Bere bizitza guztia eman du behartsuak defendatzen aberatsen gizatasun-ezaren aurka, ahulekin solidario agertzen boteretsuen interes egoisten aurrez aurre, bekatariei barkazioa hots egiten «jende zuzenaren» gogortasun mugiezinaren aurrez aurre.
Orain behartsu baten heriotza ari da sufritzen bera, lurra dominatzen dutenen boterearen aurka ezer egin ezin duen bertan behera utzia den batena. Eta zerbitzu gisa bizi du bere heriotza. Jainkoaren arazoagatik eta beraren seme-alaben behin betiko salbazioagatik egiten ahal den azken zerbitzua, gorenena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain