KEINURIK GORENA
Jesusek kontuan zuen indarkeriazko azkena izaten ahal zuela. Ez zen gizon inozentea. Badaki zein arrisku duen Jainkoaren erreinuaren egitasmoa jo eta ke predikatzen jarraitzen badu. Ezinezkoa da «pobre» eta «bekatarientzat» bizitza duin bat hain modu errotikoan bilatzen jardutea erreakzio bat eragin gabe inolako aldaketarik onartzen ez dutenen aldetik.
Egia esateko, Jesus ez da buru-hiltzaile edo suizida bat. Ez dabil gurutziltza dezaten bila. Ez zuen sekula sufrimendurik nahi izan, ez besteentzat, ez beretzat. Bizitza guztian jardun zuen sufrimenduaren kontra borrokan, ikusten zuen alde guztietan: gaixotasunean, zuzengabekerietan, bekatuan nahiz etsipenean. Horregatik, orain ere ez dabil heriotza bila, baina ez du egin nahi atzera ere.
Bekatariei eta zokoratuei harrera egiten jarraituko du, bere jardueraz tenpluan haserrea eragingo badu ere. Azkenean heriotzara kondenatzen badute, gaizkile eta zokoratu bat bailitzan hilko da bera ere, baina bere heriotzaz baietsiko du bere bizitza guztian zer izan den: konfiantza osoa, alegia, bere barkazioa inori ere ukatzen ez dion Jainkoagan.
Azkenak direnei Jainkoaren maitasuna iragartzen jarraituko du, inperioan pobreenak eta mespretxatuenak direnekin bat eginez, erromatar gobernariaren inguruan guztiz arbuiagarri izango bada ere. Egun batean gurutzean josten badute –esklaboentzako zigorra zen–, esklabo mespretxagarri bezala hilko da bera ere, baina bere heriotzaz betiko zigilatuko du biktimen defendatzaile den Jainkoarekiko konfiantza.
Jainkoarekiko maitasunaz bete-beterik, «salbazioa» eskaintzen jarraituko du gaitza eta gaixotasuna jasaten ari direnei: «harrera» eskainiko die gizarteak eta erlijioak baztertu dituztenei; Jainkoaren doako «barkazioa» erregalatuko die bekatariei eta galdua den jendeari, berarekiko adiskidetasunera itzultzeko ezgai direnei. Jarrera salbatzaile honek, beraren bizitza guztia arnastu duenak, arnastuko du beraren heriotza ere.
Horregatik erakartzen gaitu gurutzeak horrenbeste. Gurutziltzatuari musu ematen diogu, beragana jasotzen ditugu begiak, adi entzuten ditugu beraren azken hitzak… gurutzean, Aitaren egitasmoari Jesusek egin dion azken zerbitzua ikusten dugulako, bertan ikusi dugulako Jainkoaren keinurik gorena ere: bere Semea ematen, maitasunez, gizadi osoarentzat.
Jesusen jarraitzaileentzat, Jaunaren nekaldia eta heriotza ospatzea esker on zirraragilea da, adorazio gozoa Jainkoaren maitasun «sinestezinari» eta Jesus bezala bizitzeko deia, gurutziltzatuekin solidarizatuz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain