JAINKOAREN EGITASMOARI IREKIRIK
Ebanjelio-kontaeretan ez da ageri inolako dudarik. Jesusen arabera, Jainkoak egitasmo handi bat du: munduan familia handi bat eraikitzea. Egitasmo honek erakarririk, Jesusek erabat eman dio asmo hau gauzatzeari: guztiek Jainkoa Aitatzat senti dezaten eta guztiak saia daitezen anai-arreba bezala bizitzen. Hau da bidea gizadiaren salbaziorako.
Zenbait jenderentzat, gaur egungo familia hankaz gora jartzen ari da, «kristau-familiaren» ideal tradizionala galdu delako. Beste batzuentzat, edozein berritasun da aurrerabide gizarte berri baterantz. Baina nolakoa da Jainkoaren egitasmo gizatiartzaileari irekia den familia bat? Zein ezaugarri nabarmendu genitzake?
Senar-emazteen arteko maitasuna. Hona lehenengo gauza. Sukaldea bizirik ageri ohi da gurasoek elkar maite dutenean, elkarren sostengu direnean, penak eta pozak partekatzen dituztenean, batak besteari barkatzen, elkarrizketa bizi dutenean, batak bestearengan konfiantza dutenean. Familia desgizatiartzen hasten da egoismoa, eztabaidak eta gaizki ulertuak indartzen direnean.
Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak. Ez da aski senar-emazteen arteko maitasuna. Gurasoak eta seme-alabak muturka hasi eta komunikaziorik kasik ez dutenean, jasanezin bihurtzen da familia-bizitza, galdua da alaitasuna, denek dute sufritzen. Elkarrekiko konfiantza-giro baten beharra du familiak, gogoan eta ekintzan beti guztien ona izateko.
Ahulenen arreta. Guztiek sentitu behar dute etxean harrera, sostengua eta ulermena. Baina familia gizatiarrago bilakatzen da, batez ere bertan txikienak maitasunez eta samurtasunez zaintzen direnean, nagusienak begirunez eta pazientziaz maite direnean, gaixoak eta ezgaituak arduraz artatzen direnean, gaizki pasatzen ari dena alde batera uzten ez denean.
Premian direnei irekirik. Familia mundu gizatiarrago baten alde ari ohi da, bere arazoetan eta probetxuzkoetan hesitzen ez denean, baizik eta irekirik bizi denean beste familia batzuen premiei: familia hautsiei, egoera gatazkatsu eta mingarriak bizi dituztenei, eta sostengu eta ulermen-beharra dutenei; lanik eta inolako sarrerarik ez duten familiei, laguntza materialaren beharra dutenei; etorkin-familiei, harrera eta adiskidetasuna eskatzen dutenei.
Fedean hazten joatea. Familian ikasten da giza alderik garrantzizkoenak bizitzen. Horregatik, familia da lekurik aproposena Jainko onagan, guztien Aitagan, sinesten ikasteko; Jesusen biziera ezagutzeko; haren Berri Ona aurkitzeko; elkarrekin otoitz egiteko mahai baten inguruan; Jesusen jarraitzaileen elkartearen bizitzan partaide izateko. Honelako kristau-familia hauek lankide izan ohi dira Jainkoak nahi duen mundu zuzenago, duinago eta zoriontsuago bat eraikitzen. Bedeinkazio izaten dira gizartearentzat.
Jose Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain