BIZITZA AGORRA
Guztiok bizi dugun arrisku-mehatxurik handiena bizitza agor bizitzera iristea da. Konturatu gabe, bizitza murriztuz joan ohi gara garrantzizko iruditzen zaigunera: dirua irabaztea, problemarik ez izatea, gauzak erostea, ongi pasatzen jakitea… Urte batzuen buruan gerta dakiguke konturatzea inolako zeruertzik eta egitasmorik gabe bizi garela.
Errazena da. Pixkana gure bizitza arnasten ahal luketen balioen ordez iraute hutsera garamatzaten interes koxkorrak hartu ditugu. Ez da asko, baina aski dugu «irautea», inongo ametsik gabe. Inporta diguna «ondo sentitzea» dugu.
Adituek «intraszendentziaren kultura» deitu duten kulturan ari gara finkatzen. Balio duen hura probetxugarri denarekin nahastu dugu, on den hura gustuko dugunarekin, zoriontasuna ongizatearekin. Badakigu, bai, hori ez dela guztia, baina geure burua konbentzitzen saiatzen gara hori aski dugula uste izateko.
Halaz guztiz, ez da gauza erraza horrela bizitzea, geure buruari behin eta berriz gauza bera errepikatuz, geure burua beti gauza beraz elikatuz, inolako sormenik eta konpromisorik gabe, gelditasun geldo eta arraro horren sentsazioarekin, geure biziaren kargu erantzukizun handiagoz egiteko gai ez garela.
Atsegin-falta edo atsekabe horren azken arrazoia sakonagoa da. Era agorrean bizitzeak esan nahi du, ez zarela sartu artean Jainkoaren prozesu kreatzailean, begirale huts bezala jarraitzen duzula, ez duzula ulertu artean biziaren misterioa, zeure baitan ukatzea kreatzailearen antzekoago egiten zaituena: maitasun kreatzailea eta buru-eskaintza bihotz zabala.
Pertsona baten bizitza agorra «fruiturik ematen ez duen pikondoarekin» parekatu du Jesusek. Zertan bete behar du lurra alferrik? Kezkagarria da Jesusen galdera. Zer zentzu du bizitzeak kreazioaren multzoan leku bat betez, gure bizitza horrek ez badu parte hartzen mundu hobe bat eraikitzen? Bizitzan «geure pasadizoa egin dugu» esanez konformatu behar al dugu, apur bat gizatiartxoago bihurtzen saiatu gabe?
Seme edo alaba bat haztea, familia bat sortzea, adineko gurasoak zaintzea, adiskidetasuna lantzea edo premian den pertsona bati hurbiletik lagun egitea… ez da «bizitza alferrik galtzea», baizik eta bizia bizitzea beraren egia beteenean.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain