BIDEAK FEDERANTZ
Kontaera ahaztezina da. Tradizioz «Jaiotzetiko itsuaren sendatzea» deitu ohi zaio, baina askoz ere gehiago da; izan ere, ebanjelariak barne ibilbidea deskribatzen du, Jesusekin, «Munduaren Argiarekin», topo egin arte ilunpean galdurik dabilen gizon bat egiten ari den barne ibilbidea.
Ez dakigu nola deitzen den. Soilik eskale bat dela dakigu, jaiotzetik itsua, Tenpluaren atarian limosna eske dabil. Ez daki zer den argia. Ez du ikusi sekula. Ezin bide egin du berez, ezta norabidetu ere. Ilunpean bizi du bere bizitza. Ezin ezagutuko du behin ere bizitza duin bat.
Behin batean Jesus suertatu da beraren bizitzan. Itsuak hain behar handia du non bere begietan lan egin dezan uzten baitio Jesusi. Ez daki nor den, baina konfiantza du beraren indar sendatzailean. Berak esanari jarraituz, Siloe igerilekuan garbitu ditu begiak eta, lehen aldiz, ikusten hasi da. Jesusekin egindako topoak bere bizitza aldatuko dio.
Auzokoek eraldaturik ikusi dute. Bera da, baina beste bat dela uste dute. Bere esperientzia argitzen die gizonak: «Jesus deritzon gizon batek» sendatu du. Ez daki beste ezer. Ez daki nor den, ez non dagoen, baina begiak ireki dizkio. Jesusek on egiten dio gizon bezala bakarrik ezagutzen eta aitortzen duenari ere.
Fariseuek, erlijio-arazoetan adituak, mila argibide eskatzen diote Jesusez. Itsu izanak bere esperientziaz hitz egin die: «Gauza bat dakit bakarrik: itsu nengoela eta orain ikusten dudala». Jesusez zer deritzon galdetu diote, eta sentitzen duena esan die: «Profeta bat dela». Beragandik hartu duena hain gauza ona da, non gizon horrek Jainkoagandik etorria izan behar baitu. Horrela bizi ohi du jende xume askok Jesusenganako bere fedea. Ez dute teologiarik ikasi, baina sentitzen dute gizon hori Jainkoagandik datorrela.
Pixkana-pixkana, eskalea bakarrik gelditzen ari da. Bere gurasoek ez dute defendatu. Buruzagi erlijiosoek sinagogatik kanporatu egin dute. Jesusek, ordea, ez du bazter uzten bera maite eta beraren bila dabilenik. «Kanporatu dutela entzun duenean, beraren bila joan da». Jesusek bere bideak ditu beraren bila dabiltzanekin topo egiteko. Ezin eragotzi dio hori inork ere.
Ematen duenez inork ulertzen ez dion gizon harekin topo egin duenean, soilik galdera bat egin dio Jesusek: «Sinesten al duzu gizonaren Semeagan?», sinesten al duzu Gizon berriagan, Gizon guztiz gizatarragan, hain justu ere Jainkoaren misterio ezin atzemanaren gizakunde delako? Eskalea prest da sinesteko, baina inoiz baino itsuago dago: «Eta nor da, Jauna, beragan sinets dezadan?»
Jesusek diotso: «Ikusten ari zara; mintzo zaizuna, horixe da». Itsuari arimako begiak ireki zaizkio orain. Jesusen aurrean ahuspeztu eta esaten dio: «Sinesten dut, Jauna». Soilik Jesusi entzunez eta barnez berak gida gaitzan utziz joan ohi gara bide egiten fede beteago baterantz eta orobat apalago baterantz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain