AITA ON BATEN TRAGEDIA
Egungo exegeta batzuek tradizioz «seme hondatzailearena» esan izan zaion parabola irakurtzeko beste bide bat urratu dute; aita baten tragedia ikusi dute parabola horretan: bere semeekiko maitasun sinestezina eta guzti, ezin lortu izan du familia batu bat eraiki. Horixe izango litzateke, Jesusen arabera, Jainkoaren tragedia.
Seme gazteenaren jarduera «barkaezina» da. Hildakotzat eman du bere aita eta dagokion senipartea eskatu du. Horrela, etxeko solidaritatea hautsi du, hankaz gora bota du familiaren ohorea eta arriskuan jarri du beronen geroa, lurrak banatzera behartuz. Entzuleak eskandalizaturik gelditu bide ziren ikustean, aitak, semearen arrazoi-eza errespetatuz, bere ohore eta aginpide propioak arriskuan ipini zituela. Zer aita-mota da hau?
Gaztea, goseak eta umilazioak jorik, etxera itzuli denean, berriro txundiarazi du jendea aitak. «Hunkiturik», bidera irten zaio eta biziki besarkatu du guztien aurrean. Alde batera utzi du bere duintasun propioa, barkazioa eskaini dio gazteari, bera errudun agertu aurretik, seme-ohorea itzuli dio, auzokoen ukapenetik babestu eta jai bat antolatu du guztientzat. Noizbait ere familian bizi ahalko dira era duin eta zoriontsuan.
Tamalez seme nagusia falta da, biziera zuzen eta eratua daraman gizona, baina bihotz gogor eta erresumindukoa. Etxeratzean, guztien aurrean umilarazi du aita, anaia suntsitu nahia azaldu du eta ez du jaian parte hartu nahi. Izatekotan ere, «bere adiskideekin» egingo luke jai, eta ez aitarekin eta anaiarekin.
Aita irten zaio hari ere bidera eta aita bezala duen desirarik sakonena agertu dio: bere semeak mahai berean ikustea, jai-otordua adiskidetsuki partekatuz, aurkaritza, gorroto eta gaitzespen guztiak gaindituz.
Gerlak aukari egindako herriak, terrorismo itsuak, politika solidaritate gabeak, bihotz gogortukoen erlijioak, goseak jotako lurraldeak… Inoiz ez dugu partekatuko Lurra era duin eta zoriontsuan, jartzen ez bagara elkarri begira Jainkoaren maitasun gupidatsuaz. Begiratu berri hau da, Jesusen jarraitzaileok munduan gaur txerta genezakeen gauzarik inportanteena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain