IREKI GEURE BIHOTZA JAINKOAREN MISTERIOARI
Mendeetan barna, teologoek ahalegin handia egin izan dute Jainkoaren misteriora hurbiltzeko, eta kontzeptu-eraikuntza desberdinak eratu dituzte Hirutasunaren baitan jainkozko hiru Pertsonek dituzten loturak eta aldeak azaltzeko. Ahalegin, egia esateko, bidezkoa, Jainkoaganako maitasunetik eta desiratik jaioa.
Jesusek, ordea, ez du jo bide horretatik. Jainkoaz duen bere esperientziatik, Jainko Aitarekin konfiantzazko harremanak izatera gonbidatu gaitu bere jarraitzaileok, eta beraren, haragi egin den Jainkoaren Semea baita, urratsei jarraitzera, eta Espiritu Santuak gida eta arnastu gaitzan uztera. Horrela, geure bihotza Jainkoaren misterio santura irekitzen irakatsi digu.
Beste ezer baino lehen, Jesusek bere jarraitzaileok Jainkoaren seme-alaba bezala bizitzera gonbidatu gaitu, hurbileko, onbera eta errukior den Jainkoaren seme-alaba bezala, alegia, guztiok Aita maite deitzen ahal diogularik. Aita honen berezitasunak ez dira beraren boterea eta indarra, baizik beraren ontasun eta erruki mugagabeak. Inor ez dago bakarrik. Guztiok dugu Jainko Aita bat, ulertzen gaituena, maite gaituena eta barkatzen diguna beste inork ez bezala.
Jesusek agertu digu Aita honek bihotzetik darion egitasmo bat duela: eraikitzea, bere seme-alaba guztiekin, mundu gizatiarrago eta anai-arreba artekoago bat, zuzenago eta solidarioago bat. Jesusek «Jainkoaren Erreinua» izena eman dio, eta guztiok gonbidatu gaitu Aitaren egitasmo horretan parte hartzera, guztiontzat bizitza zuzenago eta duinago bat bilatuz, beraren seme-alaba behartsuenak, babesgabeenak, premiadunenak lehenetsiz.
Aldi berean, Jesusek gonbidatu gaitu bere jarraitzaileok beragan ere konfiantza izatera: «Ez dadila nahasi zeuen bihotza. Jainkoagan sinesten duzue; sinetsi nigan ere». Jainkoaren Semea da bera, bere Aitaren irudi bizia. Beraren hitzek eta keinuek guztion Aitak nola maite gaituen agertu digute. Horregatik gonbidatu gaitu guztiok berari jarraitzera. Berak erakutsi digu konfiantzaz eta esaneko bizitzen, Aitaren egitasmoaren zerbitzuan.
Bere jarraitzaileen taldearekin, familia berri bat eratu nahi du Jesusek, guztiek «Aitaren gogoa nola beteko» arituko direlarik. Hau da lurrean utzi nahi izan duen ondarea: anai-arreben mugimendu bat, txikienen eta baztertuenen zerbitzura. Familia hori Aitak nahi duen mundu berriaren sinbolo eta kimu izango da.
Horretarako, Aita eta beronen Jesus Semea arnasten dituen Espiritua onartu beharra dugu: «zuen gainera etorriko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue zuek, eta nire lekuko izango zarete horrela». Espiritu hau Aitaren maitasuna da, Aita eta beronen Jesus Semeak partekatzen duten arnasa, Jesusen jarraitzaileak beronen lekuko eta Hirutasun Santuaren egitasmo handiaren zerbitzura lankide bihurtu dituen indarra, bulkada eta bizi-energia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain