FEDE XUMEA
Txundigarria da Jesusen jaiotzaren kontaera. Lukasen arabera, bera onartzeko lekurik ez duen herri batean jaio da Jesus. Artzainak Betleem osoan ibili behar izan dute haren bila, txoko bazter batean aurkitu duten arte, ganbela batean etzana, beraren gurasoak ez beste lekukorik gabe.
Itxuraz, Lukas beste kontaera bat eraiki beharrean gertatu da, haurra anonimotasunetik berreskuratu eta jendaurrean aurkezteko. Zein Jerusalemgo Tenplua baino leku egokiagorik Jesus goraki onartua izateko, Jainkoak bere herrira bidalitako Mesias bezala?
Baina, beste behin, Lukasen kontaera txundigarri gertatu da. Gurasoak haurrarekin Tenplura hurbildu direnean, ez zaizkie irten bidera, ez apaiz nagusiak, ez gainerako gidari erlijiosoak. Une horretatik urte batzuetara, beroriek izango dira gurutzean josteko emango eta entregatuko dutenak. Jesusek ez du aurkitu babesik erlijio horretan, bere buruaz seguru eta behartsuen sufrimenduaz ahazturik bizi den horretan.
Ez zaizkio etorri harrera egitera lege-maisuak ere, Tenpluko atarian beren «giza tradizioak» predikatzen dituzten horiek. Hainbat urte geroago, uko egingo diote Jesusi, larunbat-legea hautsiz gaixoak sendatzen dituelako. Jesusek ez du aurkitu harrerarik bizitza duinago eta sanoago bat bizitzen laguntzen ez dituzten doktrina eta tradizio erlijiosoetan.
Jesus onartu eta Jainkoak Bidalitakotzat aitortu dutenak bi agure dira, fede xume eta bihotz irekia dute, beren bizitza luzea Jainkoaren salbazioaren zain bizi izan dute. Beraien izenek, ematen duenez, pertsonaia sinboliko direla iradokitzen dute. Gizonezkoak Simeon («Jaunak entzun du») du izena eta emakumeak Ana («Erregalua»). Fede xumeko hainbat jende ordezkatzen dute, herri guztietan eta aldi guztietan beren konfiantza Jainkoagan jarririk bizi izan eta bizi direnak.
Israel herriko ingurumen sanoenetakoak dira biak. «Yahveren Pobreen Taldekotzat» emanak dira. Ezer ez duen jende dira, Jainkoaganako konfiantza ez beste ezer ez dutenak. Ez dute buruan, ez beren aberastasunik, ez beren ongizaterik. Jainkoagandik bakarrik espero dute herriak behar duen «kontsolamendua», belaunez belaun bilatzen duen «liberazioa», lurreko herriek bizileku duten iluna argituko duen «argia». Eta orain sumatu dute, Jesusengan bete dela beren esperantza.
Behin betiko salbazioa Jainkoagandik espero duen fede xume hau da jenderik gehienaren fedea. Fede bat, gutxi landua, kasik beti otoitz trakets eta zabartuetan konkretatua, esapide ez hain ortodoxotan formulatua, batez ere une zail eta larrialditan esnatu ohi dena. Fede bat, Jainkoari inolako lanik ematen ez diona ulertzeko eta onartzeko.
Jose Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain