NORK BERE BOKAZIOA ENTZUN
Ebanjelio-kontaerak ez dira gehiegi luzatzen Jesusen bataioa deskribatzen. Garrantzi handiagoa eskaini diote Jesusek ordu hartan bizi izan duen esperientziari, geroko bere jardueran erabakigarria izango duenari, alegia.
Jesus ez da itzuliko jadanik Nazareteko bere etxera. Ez da geldituko ere Joan Bataiatzailearen ikasleen artean. Espirituak arnasturik, biziera berri bat hasiko du, bere misio ebanjelizatzaileari erabat emana.
Esan dezakegu beraren bataioko ordua Jesusentzat une pribilegiatua izan dela, zeinetan bere bokazio profetikoa esperimentatu baitu: kontziente izan da Aitaren Espirituak harturik bizi dela, eta beraren seme-alabei salbazio-mezua hots egiteko deia entzun du.
Nork bere bokazioa entzutea ez da misio berezi bat bizitzera deitua den gizon-emakumeren talde baten arazoa. Goiz edo berandu, guztiotako bakoitzak beharko dio galdetu beure buruari zein den eguneroko bere bizitzaren azken arrazoia, eta zergatik hasten duen egunsenti bakoitzean beste egun bat. Kontua ez da gauza handiekin topo egitea. Besterik gabe, gure bizitza txiki honek besteentzat zentzu bat izan dezakeela jakitea da kontua, eta gure eguneroko bizitza beste norbaitentzat bizi izan daitekeela jakitea.
Kontua ez da halako egun batean behin betiko dei bat entzutea ere. Bizitzaren zentzua egunak joan egunak etorri aurkitu behar da, egunsentia joan egunsentia etorri. Bokazio bakoitzean izan ohi da segurua ez den zerbait. Beti bila ibiltzeko jarrera eskatzen zaigu, prestutasuna eta irekidura.
Pertsona bat bere misio edo eginkizunari leial erantzuten dion heinean soilik joan ohi da aurkitzen; hain justu, erantzun horren arabera doa ikusten beraren eguneroko zereginak dituen eskakizunak eta promesak.
Sarritan bizi ohi dugu bizitza-, lan- eta zeregin-erritmo bat, nahasten, zabartzen eta gizatasun gabetzen gaituena. Gauza asko egiten dugu bizitzan barna, baina ba al dakigu zehazki zergatik eta zertako? Etengabe mugitzen gara alde batetik bestera, baina ba al dakigu norantz bide egin? Ahots, mezu eta dei asko entzun ohi dugu, baina gai al gara Espirituaren ahotsa entzuteko, egunean eguneko geure misioa leial bizitzera gonbidatzen gaituelarik?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain