BETLEEMERA ITZULI
Zorion-agur eta erregalu artean, afari eta zarata artean, argiek, arbolek eta izarrek kasik ezkutaturik, posible da oraino Eguberrietako jaien artean «haur bat ganbelan etzana» sumatzea. Gauza bera gertatu da Betleemeko kontaeran. Bada argirik, aingerurik eta abestirik, baina eszena handios horren bihotza ganbelan datzan haur batek betetzen du.
Ebanjelariak Mesiasen jaiotza soiltasun harrigarriz kontatu du. Mariari «erditzeko ordua iritsi zitzaion eta bere semea erdi zuen». Hitz bat gehiago gabe. Egiaz axola zaiona, ematen du, haur horri nolako harrera egiten zaion dela. Betleemen «ez dago lekurik, ezta ostatuan ere; Mariagan, berriz, onarpen hunkigarria izan du. Amak ez du baliabiderik, baina bihotza du: «Oihaletan bildu eta ganbelan eratzan du».
Irakurleak ezin jarraitu du kontaera irakurtzen, bere lehen harridura adierazi gabe: haur honengan Jainkoa haragitu al da? Ez genuen horrelakorik sekula imajinatuko. Jainko arranditsu eta ahalguztidun bat genuen buruan, eta haur ahul eta babesgabe batengan aurkeztu zaigu bera. Handi-mandi eta urruneko imajinatzen genuen Jainkoa, eta jaioberri baten samurtasunean eskaini digu berak bere burua. Nolatan senti Jainko honen beldurrik? Lisieuxeko Teresak, 1997an Elizako irakasle deklaratuak, dio: «Nik ezin izan diot beldurrik nigatik hain txiki egin den Jainko bati… Maite dut bera!».
Kontaerak giltzarri bat eskaini digu Jainko horren misteriora hurbiltzeko. Lukasek hirutaraino errepikatu du «ganbela» horren garrantzia. Itsumena duela ematen du. Mariak ganbela batean eratzan du. Artzainei ez zaie eman beste seinalerik: ganbela batean aurkituko dute. Izatez, ganbelan aurkitu dute Betleemera iritsi direnean. Ganbela izan du haur horrek lurreko lehen lekua atseden hartzeko. Ganbela hori da berari antzemateko seinalea, bera aurkitzeko lekua. Zer dago enigma horren hondoan?
Lukasek Isaias profetaren hitz batzuei egin die aipu, zeinetan Jainkoa kexu baita: «Idiak ezagutzen du bere jabea; astoak ezagutzen du bere jabearen ganbela. Israelek, ordea, ez nau ezagutu, ez du nigan pentsatzen» (Isaias 1,3). Jainkoaren bila ez da ibili behar gauza harrigarri eta miresgarrietan, baizik eta eguneroko eta arruntetan. Ez ibili miatzen gauza handiosetan, baizik egin aztarrika gauza txikietan.
Artzainek adierazi digute zein norabidetan ibili Eguberrietako misterioaren bila: «Goazemazue Betleemera». Alda ditzagun Jainkoaz ditugun ideiak. Berrirakur dezagun geure kristautasuna. Itzul gaitezen hasierara eta aurki dezagun Jainko hori, hurbileko eta behartsu den hori. Onar dezagun beraren samurtasuna. Kristauarentzat, Eguberriak ospatzea «Betleemera itzultzea» da.
Jose Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain