GAU DESBENDIN BAT
Eguberri-jaiak sekretu bat du bere baitan; zoritxarrez, data horretan «zerbait», zehazki zer den jakin gabe, ospatzen dutenek ezagutzen ez duten sekretu bat. Ezin susmatu dute ezen Eguberriak eskaintzen digula gakoa geure existentziaren azken misterioa argitzeko.
Belaunez belaun, gizakiek estu eta larri oihukatu izan dituzte beren galderarik hondokoenak. Zergatik sufritu behar dugu, geure izatearen barnenetik zoriontasunerako eginak garela entzuten badugu? Zergatik horrenbeste frustrazio? Zergatik heriotza, bizitzeko jaioak bagara? Gizon-emakumeak galde eta galde. Eta Jainkoari galdegiten zioten; izan ere, geure izatearen azken zentzuaren bila gabiltzanean, Jainkoa dugu, nolabait, jomuga. Baina Jainkoa isilik, isiltasun atzeman ezinaz.
Eguberritan, Jainkoa mintzatu da. Jaso dugu jadanik beraren erantzuna. Ez digu hitz egin sufrimenduaz hitz politak esateko. Jainkoak ez ditu eskaintzen hitzak. «Jainkoaren Hitza haragi egin da». Hau da, argibideak eman baino gehiago, Jainkoak gure haragian sufritu nahi izan ditu gure galderak, sufrimenduak eta ezintasuna.
Jainkoak ez du argibiderik eman sufrimenduaz, baizik eta sufritu egin du gugatik. Ez dio erantzun hainbat oinazeren eta umilazioren zergatiari, baizik eta bera umiliatu da. Ez dio erantzun hitzez gure existentziaren misterioari, baizik eta gure giza abentura bizitzeko jaio da bera.
Jadanik ez gaude geure egundoko bakardadean galdurik. Ez gaude iluntasun hutsean murgildurik. Gurekin dago bera. Bada argi bat. «Jadanik ez gara bakarti, baizik eta solidario» (Leonardo Boff). Geure existentziaren partaide dugu Jainkoa.
Den-dena aldatu du honek. Jainkoa bera sartu da gure bizitzan. Posible da esperantzaz bizitzea. Jainkoa partaide dugu geure bizitzan, eta berarekin bide egin dezakegu salbaziorantz. Horregatik birjaiotzeko deia da beti Eguberri-jaia fededunentzat. Gonbita da alaitasuna, esperantza, solidaritatea, haurridetasuna eta Aitaganako erabateko konfiantza biziberritzeko.
Gogora ditzagun Angelus Silesius olerkariaren hitz hauek: «Kristo Betlehemen mila aldiz jaio-eta ere, zure bihotzean jaiotzen ez den arte, galdurik zaude harago den hartarako; alferrik zara jaio».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain