POZA POSIBLE
Jainkoak, mundura Salbatzaile hurbiltzen denean, bere seme-alabei egiten dien lehen hitza, pozerako gonbita da. Horixe entzun du Mariak: «Poztu zaitez».
Jürgen Moltmann-ek, esperantzaren teologo handiak, honela adierazi du: «Jainkoagandik datorren askapenaren azken eta lehen hitza ez da gorrotoa, baizik poza; ez da gaitzespena, baizik absoluzioa. Jainkoaren pozetik jaio da Kristo, mundu kontraesaneko eta zoro honi bere poza ekartzeko hil eta piztu da».
Halaz guztiz, poza ez da gauza erraza. Ezin behartu duzu inor pozik egotera; ezin ezarri zaio poza kanpotik. Zinezko gozamenak norberaren hondoaren hondoenetik jaio behar du. Osterantzean, azaleko barrea izango da, algara hutsa, euforia iragankorra, baina poza atarian geldituko da, geure bihotzaren atarian.
Erregalu ederra da poza, baina zaurgarria ere bai. Apal-apal eta bihotz handiz gorde beharrekoa geure baitan. Hermann Hesse aleman nobelagileak dio, honengatik izaten direla hainbat gizon-emakumeren aurpegi penatu, urduri eta triste: «zoriona arimak bakarrik senti dezakeelako, eta ez arrazoiak, ez sabelak, ez buruak, ez poltsak».
Baina bada beste zerbait ere. Nolatan bizi zintezke zoriontsu lurrean hainbat eta hainbat sufrimendu ikusirik? Nolatan egin dezakezu barre, artean malko guztiak lehortu gabe direlarik eta egunero berriak sortzen direlarik? Nolatan sentitu gozamena, gizadiaren hirutik bi goseak, miseriak edo gerlak jota ikusirik?
Mariaren poza, Jainko salbatzaileagan sinesten duen emakume fededun batena da, apalak jaso eta harroak barreiatu, goseak direnak ondasunez bete eta aberatsak esku hutsik bidaltzen dituen Jainkoagan sinesten duen emakume fededun batena. Zinezko poza zuzentasuna, guztien askatasuna eta haurridetasuna antsiatzen eta bilatzen duen bihotzean bakarrik bizi daiteke. Maria Jainkoagan pozten da, bazter utzien esperantza betetzera datorrelako.
Pozik bizi, sufritzen dutenekin bat eta negar dagitenekin solidario izanez bakarrik bizi daiteke. Poza zor, umiliatuen artean hura posible bihurtzeko borroka dagienari bakarrik zor zaio. Zorioneko izan, gainerakoak zorioneko egiten saiatzen dena bakarrik izan daiteke. Eguberriak ospatu, gure artean gizaki berri bat nola jaioko bila dabilenak bakarrik ospa ditzake.
Jose Antonio Pagola