JAINKOAK DU AZKEN HITZA
Jesusen piztuera ez da liturgia-ospakizun bat bakarrik. Beste ezer baino lehenago, Jainkoaren maitasun boteretsuaren agerpena da, heriotzatik eta bekatutik salbatzen gaituenarena. Posible al da gaur egun Jainkoaren indar bizigarri hori esperimentatzea?
Lehenengo gauza, jabetzea da ezen bizitza bizileku dela, Jesusek «Aita» deitzen duen eta abegi huts den Misterioaren bizileku. Munduan hain «Neurrigabeko» sufrimendua dago non bizitza zerbait kaotiko eta zentzurik gabeko irudi ahal baitzaigu. Ez da, ordea, horrela. Batzuetan esperimentatzea gauza erraza ez den arren, gure existentzia Jainkoak sostengatzen eta gidatzen du azken betearen beteraino.
Hau guztia geure izate beratik hasi behar dugu bizitzen: Jainkoak maitatua naiz ni; azkenik gabeko betearen betea dut esperoan nik. Hainbat eta hainbat frustrazio izaten dugu geure bizitzan, hain gutxi maite izaten dugu batzuetan geure burua, hartaraino mespretxatzen dugu geure burua, non ito egiten baitugu geure baitan bizitzearen poza. Jainko berpizleak, ordea, berriro esna ditzake gure konfiantza eta gure gozamena.
Ez da heriotza azken hitza duena, baizik eta Jainkoa. Hainbat eta hainbat heriotza zuzengabe dago gure munduan, hainbat eta hainbat gaixotasun mingarri, hainbat eta hainbat bizitza zentzugabe, non etsipenean erortzen ahal baikintezke. Jesusen piztuerak gogoratzen digu Jainkoa badela eta salbatzaile dela. Berak ezagutaraziko digu bizitza bete-betea, hemen ezagutu ez duguna.
Jesusen piztuera ospatzea geure barnea Jainkoaren energia biziarazleari irekitzea da. Bizitzaren benetako etsaia ez da sufrimendua, baizik eta tristura. Bizitzarekiko grina falta zaigu eta sufritzen ari direnekiko gupida. Eta sobera ditugu apatia (gogorik eza) eta hedonismo merkea, bizitzako gauzarik hobena den maitasunik gabe biziarazten gaituztenak. Piztuera bizi berri baten sorburu eta estimulu izan daiteke.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain