ESPIRITUARI IREKIRIK
Ez dute hitz askorik egiten. Ez dira nabarmentzen. Apala da eta isila beraien presentzia, baina «lurraren gatz» dira. Munduan Jainkoaren Espirituari adi bizi den gizon-emakumerik den bitartean, posible izango da esperantzaz bizitzea. Beraiek dira erregalurik hobena eskastasun espiritualak mehatxatutako Elizarentzat.
Beraien eragina ez da egiten dutenaren fruitu, ezta hitz egiten edo idazten dutenarena ere, baizik eta errealitate hondokoago batena. Erretiraturik bizi dira monasterioetan edo ezkutaturik jende artean. Ez dira nabarmentzen beren jardueragatik eta, halaz guztiz, barne energia irradiatzen dute bizi diren lekuan.
Ez dira itxurakeriez bizi. Beraien bizitza beraien izate hondokoenetik jaiotzen da. Beren buruarekin harmonian bizi dira, beraien bizitza bizitokitzat hartua duen Espirituaren deiarekin bat nola izango adi. Berak konturatu gabe Jainkoaren misterioaren isla dira lurrean.
Badute akatsik eta mugarik. Ez daude immunizatuak bekatuaren kontra. Baina ez dute uzten bizitzako problemek eta gatazkek irentsi ditzaten. Behin eta berriz itzultzen dira beren izatearen hondora. Jainkoaren presentzian bizitzen ahalegintzen dira. Jainkoa dute beren desirak, hitzak eta erabakiak batzen dituzten erdigune eta sorburu.
Aski da beraiekin harremanetan jartzea geure baitan bizi ditugun barreiaduraz eta asalduraz jabetzeko. Beraien ondoan gauza erraza izaten da geure bizitzako barne batasunaren falta, hutsunea eta azalekotasuna nabaritzea. Ezagun ez ditugun gizatasun-aldeak sumatzera eramaten gaituzte beraiek.
Espirituari irekirik bizi diren gizon-emakume horiek argi- eta bizi-iturri ditugu. Berorien eragina ezkutukoa eta misteriotsua da. Gainerakoekin Jainkoagandik datorren erlazioa ezartzen dute. Inoiz ere ikusi ez duten jendearekin elkartasunean, komunioan, bizi dira. Txeraz eta gupidaz maite dute ezagutzen ez duten jenderik. Jainkoak kreazio osoarekin bat eginik biziarazten ditu.
Gizarte materialista eta azaleko honetan, espirituaren baloreak hartaraino baliogabetzen eta ostikopetzen dituen honetan, gizon-emakume «espirituzko» horien oroitzapena egin nahi dut. Beroriek sumarazten dizkigute giza bihotzeko antsiarik handiena eta egarri guztiak asetzen dituen azken Iturria.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain