FEDERANTZ IBILBIDEA
Tomas falta dela, Jesusen ikasleek sekulako esperientzia bat izan dute. Tomas ikusi orduko, poz-pozik adierazi diote: «Jauna ikusi dugu». Tomasek eszeptiko entzun die. Zergatik sinetsi behar die hain gauza zoro hori? Nolatan esan dezakete Jesus ikusi dutela, hain bizia, gurutziltzaturik erail baitute? Izatekotan ere, beste bat izango da.
Ikasleek diotse bere eskuetako eta saihetseko zauriak erakutsi dizkiela Jesusek. Tomasek ezin onartu du inoren testigantzarik. Berak egiaztatu beharra du: «Beraren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut… eta eskua beraren saihetsean sartzen ez badut, ez dut sinetsiko». Soilik, bere esperientzia propioan sinetsiko du.
Ikasle honek, era inozentean sinesteari gogor egin dionak, geuk ere egin beharreko ibilbidea erakutsiko digu, Kristo berpiztuarekiko federa iristeko, Jesusen aurpegia ere ikusi ez dugunoi, beraren hitzak ere entzun ez ditugunoi, beraren besarkadaz ere gozatu ez dugunoi.
Handik zortzi egunera, berriro aurkeztu zaie Jesus. Berehala Tomasengana jo du. Ez dio kritikatu bere jarrera. Haren duda-mudek ez dute berarentzat ezer bidegabekorik edota eskandaluzkorik. Sinesteko bere gogortasunaz bere zintzotasuna agertu du Tomasek. Jesusek ulertu du eta bidera datorkio bere zauriak erakutsiz.
Jesusek bere eskakizunak asetzeko era eskaini nahi dio: «Ekar ezazu hatza, hona nire eskuak. Ekar ezazu eskua, hona nire saihetsa». Zauri horiek, zerbait egiaztatzeko «proba» baino gehiago, ez al dira heriotzaraino emana duen beraren maitasunaren «seinale»? Horregatik, bere duda-mudak baino harago sakontzera gonbidatu du Jesusek: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun baizik».
Tomasek uko egin dio ezer egiaztatzeari. Ez du jadanik proba-beharrik sentitzen. Soilik, Maisuaren presentzia bizi du, bera maite duenaren, erakartzen eta konfiantza izatera gonbidatzen duenaren, presentzia. Tomas, Jesusek topo egiteko beste inork baino ibilbide luzeago eta neketsuagoa egin duena, beste inor baino urrunago iritsi da fedearen sakontasunean: «Ene Jauna eta ene Jainkoa». Inork ez du aitortu Jesus horrela.
Ez dugu zertan izutu duda-mudak eta galderak sortzen zaizkigula sentitzean. Duda-mudek, era sanoan bizirik, konfiantza eta maitasuna bizi gabe, formulak errepikatzearekin konformatzen den azaleko fedetik aterarazten gaituzte. Duda-mudek zirikatu egiten gaituzte azkeneraino joatera geure konfiantzan, Jesusengan haragi egin den Jainkoaren Misterioari dagokionez.
Kristau-fedea hazi egiten da Jainkoak maite eta erakartzen gaituela sentitzean, Jainko horren beraren maitasun-musua suma baitezakegu ebanjelioek Jesusez egiten diguten kontakizunean. Orduan, beragan konfiantza izateko deiak indar handiagoa izan ohi du gure duda-mudek baino, «Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain