ZER DA KRISTAUTASUNA?
Lehen eta bigarren belaunaldiko kristauek ez zuten pentsatu beraiengandik erlijio bat sortzen ari zenik. Izatez, ez zekiten zein izen eman ere modu sumatu gabean hazten ari zen mugimendu hari. Artean Jesus oroitzearen zirrarapean bizi ziren, bera beren artean bizirik sentitzen zutela.
Horregatik, Korinto edo Efeso bezalako hirietan elkartzen ziren taldeei «eliza» deitzen hasi ziren, hau da, Jesusekiko fede bakarrak deiturik eratzen ari ziren elkarte. Beste alde batzuetan, kristautasunari «bidea» deitzen zioten. Idazki batek, 80. urte inguruan idatziak, eta Hebrearrei gutuna deitzen denak esaten du «bide berri eta bizi bat dela» bizitzari aurre egiteko. Jesusek «hasitako» bidea, «beragan begiak ezarririk» korritu behar dena.
Ez da inolako dudarik. Lehen fededun haientzat, kristautasuna ez zen propioki erlijio bat, baizik eta bizitzeko era berri bat. Lehenengo gauza beraientzat ez zen erakunde erlijioso batean bizitzea, baizik eta Jesus bezala bizitzen ikastea inperio zabal haren baitan. Horretan zuten beren indarra. Hori zen guztiei eskaintzen ahal zietena.
Ingurumen honetan ondo ulertzen dira laugarren ebanjelioak Jesusen ahoan ipintzen dituen hitzak: «Ni naiz bidea, egia eta bizia». Hau da kristautasunaren abiada-puntua. Kristaua gizon edo emakume bat da, Jesusengan aurkituz doana bizitzeko biderik egokiena, norabidetzeko egiarik seguruena, bizitzako sekreturik esperantzagarriena.
Bide hau oso zehatza da. Ezer gutxirako da nork bere burua kontserbadore sentitzea edota nork bere burua aurrerakoitzat ematea. Beste bat da egin beharko genukeen hautua. Edota bizitza geure erara antolatu edota nola bizi Jesusengandik ikasi. Aukera egin beharra dugu.
Axolarik eza sufritzen ari direnekiko edota gupida bere forma guztietan. Ongizatea niretzat eta nireentzat bakarrik edota mundu gizatiarrago bat guztientzat. Tolerantziarik eza eta bazter uztea desberdin direnentzat edota jarrera irekia eta onargarria guztientzat. Jainkoaz ahaztea edota konfiantzazko harremanak izatea guztien Aitarekin. Fatalismoa eta etsipena edota azken esperantza kreazio osoarentzat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain