JESUSEN EGIAN BIZI
Ez da bizitzan hain esperientzia misteriotsu eta sagaraturik nola den agur egitea heriotzaz harago doan pertsona maite bati. Horregatik, Joanen ebanjelioak Jesusen azken agurrean beronen testamentua gorde nahi izan du: behin ere ezin ahaztua.
Gauza bat du oso argi ebanjelariak. Munduak ezin ahalko du, ez «ikusi», ez «ezagutu» Jesusengan ezkutuan dagoen egia. Askorentzat, mundu honetan ezer gertatu ez balitz bezala bizi izango zen Jesus; ez die utziko inolako arrastorik beren bizitzan. Jesus ikusteko, begi berriak behar dira. Maite dutenek bakarrik esperimentatuko dute bizi dela eta biziarazle dela.
Jesus bakarrik da erabateko moduan maitatua izatea merezi duen pertsona. Horrela maite duenak ezin har dezake bera iraganeko norbait izango bailitzan. Beraren bizitza ez da oroitzapen huts. Jesus maite duenak betetzen ditu beraren hitzak, «betetzen ditu beraren aginduak», Jesusez «betez» doa.
Ez da gauza erraza esperientzia hau adieraztea. Ebanjelariak «egiaren Espiritua» deitzen dio. Esapide oso egokia da, zeren eta «egian bizitzera» eragiten digun indar eta argi bihurtuz joan ohi baita Jesus. Edozein dela ere bizitzan bizi dugun unea, Jesusi geugan harrera egiteak egiara eramaten gaitu.
«Egiaren Espiritu» hau ez da doktrina batekin nahastu behar. Ez dago, ez teologoen liburuetan, ez magisterioaren agirietan. Jesusen promesaren arabera, «gugan bizi da eta gugan dago». Geure barnean aditzen diogu eta distiragarri da beraren urratsei apal, konfiantzaz eta leial jarraitzen dionaren bizitzan.
Ebanjelariak «Espiritu babesle» deitzen dio, Jesus fisikoki gurekin ez dagoen honetan, defenditu egiten baikaitu beragandik bereizten ahal gaituenetik.
Espiritu hau «gurekin dago beti». Ezin erail du inork ere, Jesus erail zuten bezala. Bizirik jarraituko du munduan beti. Geure bizitzan harrera egiten badiogu, ez gara sentituko umezurtz, ez babesgabe.
Gaur egun kristauek beharrezkoa dugun konbertsioa, hitzezko, ohikeriazko eta egiatasun gutxiko Jesusekiko atxikimendutik, beraren «egiaren Espirituan» sustraiturik bizitzearen esperientziara igarotzea da, agian.
Jose Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain