GAUR EGUNGO GIZARTEAN BIZIA TXERTATU
Jainkoaren erreinua ez da hil ondoren hasten den salbazioa bakarrik. Grazia eta bizia oldartzea da oraingo bizialdi honetan jadanik. Are gehiago. Erreinua hurbil delako zeinurik argiena lurrean bide egiten hasia den bizi-korronte hau da, hain justu. «Zoazte eta hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Sendatu gaixoak, piztu hildakoak. Garbitu legenardunak, bota deabruak». Gaur, kristauok inoiz baino gogotsuago entzun beharko genuke Jesusen gonbita, gizartean bizia txertatzekoa.
Leize kezkagarria ari da irekitzen aurrerapen teknikoaren eta garapen espiritualaren artean. Esan liteke gizakiak ez duela indar espiritualik bere etengabeko aurrerapena arnastu eta berari zentzua emateko. Emaitzak bistakoak dira. Aski jende ageri da bere diruak eta eskura dituela uste duen gauzek pobreturik. Jende askoz nagusitu dira bizitzaren nekea eta asperdura. Pertsona ez gutxiren alderik hobena zikintzen ari da «barne kutsadura». Badira galdurik bizi diren gizon eta emakumeak, beren bizitzari zentzurik ezin ikusirik. Badira korrika bizi diren pertsonak, jarduera urduri eta bortitzean murgildurik, beren barrua hustuz doazenak, zer nahi duten justu jakin gabe.
Ez ote gaude berriro sendatu beharra duten gizon eta emakume «gaixoren» aurrean?, piztu beharra duten «hildakoren» aurrean?, gizaki bezala bizitzea eragozten dieten hainbat eta hainbat deabrurengandik askatuak izan zain dauden eta «hartuak» direnen aurrean? Badira, hondo-hondoan, bizira itzuli nahi duten pertsonak. Sendatu eta piztu ditzaten nahi dute. Barre egitera eta biziaz gozatzera itzuli nahi dute, egun bakoitzari pozik aurre egitera.
Eta bide bakarra dute: maitatzen ikastea. Eta maitasunak eskatzen dituen gauza berriak ikastea, oso modan ez daudenak: xumetasuna, onarpena, adiskidetasuna, doako arreta besteri, leialtasuna… Maitasun-faltan segitzen dugu geure artean. Norbaitek iratzarri beharko lukeen maitasuna. Gaur egungo gizon-emakumeak ez ditu salbatuko, ez konfortak, ez elektronikak, baizik eta maitasunak. Geure baitan maitatzeko gaitasunik baldin badugu, kutsatu egin beharko genuke. Doan emana dugu eta doan behar diegu eman, erregalu, era askotan, geure bidean aurkitzen ditugunei.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain