BARNE MAISUA
Fededunak eskolatzeko eta gidatzeko, hierarkia katolikoak behin eta berriz «irakaskuntza eklesiastikoaren» beharra azpimarratzen duen bitartean, kristau-talde garrantzizkok norabidetzen du gaur egun beren bizia aipatutakoaren ikasbideak kontuan izan gabe. Norantz gida gaitzake fenomeno honek? Gero eta kezkagarriagoa da arazoa.
Teologo batzuek beharrezkotzat ematen dute kristauen artean hain ahaztua den «barne maisutza» berreskuratu beharra. Esan ohi da: ezer gutxi balio du «irakaskuntza eklesiastikoa» azpimarratzeak, baldin eta fededunok –hierarkiak eta eliztarrok— Kristoren, «barne Maisuaren», ahotsa entzuten ez badugu, zeinak irakasten jarraitzen baitu bere Espirituaren bidez benetan jarraitu nahi diotenei.
Kristo «Barne Maisuaren» ideia hori Jesus beragandik dator: «Ez deitu inori maisu, bat baita zuen Maisua: Kristo» (Mateo 23,10). Baina, batez ere, San Agustin izan da teologian sarrarazi duena, beraren garrantzia indartsu errebindikatuz: «Maisu bat bakarrik daukagu. Eta haren pean ikaskide gara guztiok. Ez gara maisu edo irakasle bihurtzen zuei pulpitutik hitz egiteagatik. Zinezko Maisuak barnetik hitz egiten digu».
Gaur egungo teologiak egia hau azpimarratzen du, ahaztuegia guztiok, hierarkiak eta eliztarrok: Elizan jalgitzen diren hitzak gonbit huts dira fededun bakoitzak bere baitan Kristoren ahotsa entzun dezan. Hau da gauza erabakitzailea. Kristogandik beragandik «ikasten duzunean» bakarrik sortzen zaizu «zerbait berririk» zeure fededun bizitzan.
Honek berekin hainbat eskakizun dakartza. Beste ezer baino lehen, Elizan aginpidez irakasten dutenentzat. Ez dira, ez fedearen, ez kristau-moralaren jabe. Beren egitekoa ez dute pertsonak juzkatzea eta gaitzestea. Askoz gutxiago gainerakoak «pisu astunez eta jasan ezinez» zamatzea. Ez dira inoren irakasle. Kristogandik «ikasiz» bizi behar duten ikasle dira. Orduan bakarrik lagundu ahalko diete besteei Maisuari «irakasten utzi» diezaioten. Hona nola interpelatzen dituen San Agustinek predikariak: «Zergatik duzu hain gustuko hitz egitea eta hain gutxi entzutea? Zinez irakasten duena barnean dago; aitzitik, zu irakasten saiatzen zarenean irten egiten zara zeure baitatik eta kanpoan ibiltzen zara. Entzuiozu lehenik barnetik hitz egiten dizunari, eta orduan hitz egiezu barnetik kanpokoei».
Bestalde, guztiok behar dugu gogoan izan, inporta duena, hierarkiaren irakaskuntzaren hitza entzutean, barnerantz itzultzera gonbidaturik sentitzen garela Maisu bakarraren ahotsa entzuteko. Berriro San Agustinek gogoratzen digu: «Ez zaitez ibili kanpoan. Ez zaitez barreiatu. Barneratu zaitez zeure barnean. Egiak barne gizakia du bizitoki». Irakasgarria da Jesusek Mariaren jarrera goratzean sortu duen eszena: Maria «eserita Jaunaren oinetan, honen hitza entzuten». Argiak dira Jesusen hitzak: «Gauza bat bakarrik da beharrezko. Alderik hobena hautatu du Mariak».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain