ALTXOR GORDEA
Jesusen egitasmoak ez zuen gogo berotzen jende guztia. Aski jenderengan sortzen ziren ez gutxi duda-muda eta galdekizun. Arrazoizkoa ote zen Jesusi jarraitzea? Ez ote zen zorakeria? Galilear haien eta Jesusekin maila pixka bat sakonean topo egiten duten guztien galdekizunak dira.
Jesusek bi parabola labur kontatu zituen hotz samar gelditzen zirenak liluratzeko. Guztiengan galdekizun erabakitzaile bat harrotu nahi zuen: ez ote dugu nork geure bizitzan, artean aurkitu ez dugun «sekretu» bat?
Guztiek ulertu zuten laborari haren parabola, berea ez zuen soro batean aitzurrean ari zela altxor bat buztin-ontzi batean gordea aurkitu laborariarena. Ez zuen galdu denborarik pentsatzen. Bere bizitzako aukera zuen. Ezin utzi zuen galtzen. Zeukan guztia saldu eta, poz-pozik, altxorraz jabetu zen.
Gauza bera egin zuen harribitxien salerosle batek ere, balio neurtezineko bat aurkitu zuenean. Ez zuen bere bizitzan halakorik ikusi. Zeukan guztia saldu eta harribitxiaz jabetu zen.
Liluragarriak ziren Jesusen hitzak. Horrelakoa ote da Jainkoa? Hori bera izango ote da harekin topo egitea? Bizitzen eta gozatzen ari garen guztia baino ederragoa eta erakargarriagoa, sendoagoa eta egiazkoagoa den «altxor» bat aurkitzea ote da?
Jainkoaz duen esperientzia komunikatzen ari da Jesus: beraren bizitza goitik behera eraldatu duena. Arrazoi ote du? Arrazoizkoa ote da berari jarraitzea? Funtsezkoa aurkitzea ote da?, gizakiak betidanik bilatzen duen egundoko altxorra aurkitzea ote da?
Gure artean jende asko ari da erlijioa uzten, Jainkoa dastatu baino lehen. Ulertzen diet. Gauza bera egingo nuke neuk ere. Pertsona batek aurkitu ez badu, pixka bat bederen, Jesusek bizi duen Jainkoaren esperientzia, erlijioa asperdura bat da. Ez du pena merezi.
Gauza tristea da hainbat eta hainbat kristau aurkitzea, Jainkoaren pozak, harridurak edo ezustekoak markatu ez duena. Ez ditu sekula ere markatu poz horrek. Bere erlijioan hesiturik bizi da, inolako «altxorrik» aurkitu gabe. Jesusen jarraitzaileen artean, barne bizitza zaintzea ez da beste gauza bat gehiago. Ezinbestekoa da zaintze hori, Jainkoaren ezustekoari irekirik bizi ahal izateko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain