EMAIEZUE ZEUEK JATEN
Mateo ebanjelaria ez da arduratzen kontakizunaren xehetasunez. Eszena kokatzea bakarrik zaio axola, Jesus «jendartean» aurkeztuz «gupida», «erruki» jarreran. Gauza bera egiten du beste kasu batzuetan ere. Gupida hau dago beraren jarduera guztien jatorrian.
Jesus ez da bizi jendeari atzea emanda, bere jarduera erlijiosoetan hesiturik eta herri haren minaz axolagabe. «Jendetza ikusi du, errukia eman dio eta gaixoak sendatu ditu». Jainkoaz duen esperientziak sufrimena arintzera eragiten dio eta jende behartsu haren gosea asetzera. Horrela bizi behar du Elizak, Jesus gaur egungo munduan presente eginez biziz.
Denbora badoa eta sendatzeari emanik jarraitzen du Jesusek. Proposamen batekin eten diote ikasleek: «Oso berandu da; gauzarik hobena jende honi «agur esatea» da eta eros dezala norberak jateko zerbait». Ez dute ikasi ezer ere Jesusengandik. Ezikusia egiten diete gose direnei, eta hor konpon esan nahi diote jendeari: eros dezatela «beren jatekoa». Zer egin behar dute ezin erosi dutenek?
Agindu zorrotz batekin erantzun die Jesusek; lurralde aberatsetako kristauok entzun ere nahi ez dugunaz: «Emaiezue zeuek jaten». «Erostearen» aurrez aurre, «jaten ematea» proposatzen du Jesusek. Ezin argiago esan du. Aitari hots eginez bizi da bera: «Emaguzu gaur geure eguneroko ogia». Beraren seme-alaba guztiek ogia izan dezaten nahi du Jainkoak, baita erosi ezin dutenek ere.
Eszeptiko jarraitzen dute ikasleek. Jendartean bost ogi eta bi arrain besterik ez dute. Jesusentzat aski da: dugun apurra partekatzen badugu, guztien gosea ase daiteke, eta «sobera ere geldi daiteke» hamabi saski ogi. Hau du Jesusek bere hautabidea: gizarte gizatiarrago batek, bere ogia gose direnekin partekatzeko gai denak, aski baliabide izango du guztientzat.
Milioika jende goseak hiltzen ari den munduan, kristauok lotsaturik bakarrik bizi gintezke. Europak ez du kristau-arimarik eta delitugile bailiran «bidaltzen ditu» ogi bila datozenak. Eta, bitartean, zein dira Elizan Jesusek markatutako bideari eusten diotenak? Zoritxarrez, beraren deiarekiko sorgor bizi gara gehienok, geure probetxuan, eztabaidatan, irakaspenetan eta ospakizunetan zabarturik. Zergatik deitzen gara Jesusen jarraitzaile?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain