JESUSEK EKARRITAKO SUA
Bere bihotzean gar eginik bizi zuen «sua» kutsatzen ahalegindu zen Jesus Galileako bideetan. Kristau-tradizioan beraren desira honen askotariko arrastoak gelditu dira. Honela jaso du Lukasek: «Munduari sua ematera etorri naiz, eta ai balego sutan dagoeneko!» Beranduagoko ebanjelio apokrifo batek beste esaera bat gogoratzen digu, apika Jesusengandikoa: «Nire hurbil dena suaren hurbil da. Nigandik urrun dena, erreinutik urrun da».
Jesusek nahi du beren baitan duen suak har dezala su munduan egiaz, ez dezala inork itzali, zabal dadila Lur osora eta kiskal dadila mundu osoa. Jesusengana, begiak zabal eta bihotza esna, hurbiltzen dena aurkituz joan ohi da ezen haren bihotzean gar eginik den «sua» Jainkoaren aldeko grina dela eta sufritzen ari direnen aldeko gupida. Hau da Jesus mugiarazi duena eta biziarazi Jainkoaren erreinuaren eta honen zuzentasunaren bila hil arte.
Jainkoaren eta behartsuen aldeko grina Jesusengandik dator, eta beraren jarraitzaileengan bakarrik pizten da beraren Ebanjelioarekin eta espiritu berritzailearekin harremanetan. Ezer konbentzional baino harago doa. Ezer gutxi du ikustekorik ordenu onaren ohikeriarekin eta araututakoaren hoztasunarekin. Su hori gabe, kristau-bizitza itzaliz joan ohi da.
Kristauen bekatu handia beti, su hau itzaltzen joaten uztea izango da. Zertako da Eliza bat, kristauak bizitzan eroso ezarririk bizi badira, Jainkoaz grinarik gabe eta sufritzen ari direnez gupidarik gabe? Zertako behar dira munduan kristauak, erakarmenik ez badute, argia eta berotasuna eskaintzeko gai ez badira?
Jesusen hitzak gonbit handi ditugu, beraren Espirituak piztu gaitzan uzteko, bigarren mailako edo marjinalak diren arazoetan nahasi gabe. Jesusi su ematen utzi ez dionak ez du ezagutzen artean berak Lurrean txertatu nahi izan duen ahaltasun eraldatzailea. Bete ahalko du, bai, zuzen asko kristau-erlijioa, baina ez du aurkitu oraindik Ebanjelioaren alderik zirraragarriena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain