GURUTZEA BESTE GAUZA BAT DA
Zail da nahasmendurik eta ondoezik ez sentitzea Jesusen hitzak beste behin entzutean: «Nirekin etorri nahi duenak, uko egin biezaio bere buruari, leporatu beza bere gurutzea eta jarrai biezat». Oso ondo ulertzen dugu Pedroren erreakzioa, Jesusi ukapenaz eta sufrimenduaz hitz egiten entzun dionean, «Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion». Dietrich Bonhoeffer teologoak dio, Pedroren erreakzio honek «frogatzen du hasieratik beretik eskandalizatu dela Eliza Kristo sufrimenduzkoaz. Ez du nahi Jaunak sufrimenduaren legea ezar diezaion».
Eskandalu hau jasanezineko bihur dakiguke Leszek Kolakowsky-k «analgesikoen kultura» deitu duen horretan bizi garenoi, mota guztietako drogaz, narkotikoz eta ihesbidez sufrimendua eta ondoeza nola desegingo obsesioz bizi den gizartean, alegia.
Kristau-jarrera zein izan daitekeen argitu nahi badugu, ondo ulertu behar dugu gurutzea kristau batentzat zertan datzan; izan ere, guk ipin dezakegu Jesusek sekula ipini ez zuen zerbaitetan.
Guk erraz deitzen diogu «gurutzea» sufriarazten gaituen orori, baita geure bekatua dela medio edota bizitzeko geure era erratua dela bide gure bizitzan sortzen denari ere. Baina ez dugu nahastu behar gurutzea bizitzan sor litekeen edozein ezbehar, kontrakotasun edo ondoezekin.
Gurutzea beste gauza bat da. Jesusek bere ikasleei eskatzen die leial jarrai diezaiotela eta jar daitezela mundu gizatiarrago baten zerbitzura: Jainkoaren erreinuaren zerbitzura. Hau da lehenengo gauza. Gurutzea ez da jarraipen horren ondorioa baizik; Kristorekin partekatu beharko dugun zori oinazezkoa da, baldin eta beraren urratsei egiaz jarraitzen badiegu. Horregatik ez dugu nahastu behar «gurutzea jasatea» postura masokistekin, sasi-mortifikazio batekin edota P. Evdokimov-ek «aszetismo merkea» eta indibidualista deitzen duenarekin.
Bestalde, zuzen ulertu behar dugu «nork bere buruari uko egitea», Jesusek gurutzea leporatu eta berari jarraitzeko eskatzen digun hori. «Nork bere buruari uko egiteak» ez du esan nahi nork bere burua edozein eratan mortifikatzea, nork bere burua zigortzea eta, askoz gutxiago, nork bere burua desegitea edo suntsitzea. «Nork bere buruari uko egitea» nork bere burua zilbor hestetzat ez hartzea esan nahi du, nor bere «egoaz» ahaztea, bizitza Jesu Kristogan eraikitzeko. Geure buruaz liberatzea esan nahi du, Jesusi errotik atxikitzeko. Beste era batean esanda, «gurutzea jasateak» Jesusi jarraitzea esan nahi du, prest biziz onartzeko Gurutziltzatuak berak jasan behar izan zuen segurtasun-eza, gatazka-bidea, ukapena edota pertsekuzioa.
Alabaina, fededunok ez dugu bizi gurutzea porrot eginak bagina bezala, baizik eta azken esperantza baten eroale bezala. Bere bizitza Jesu Kristogatik galduko duen orok, aurkitu egingo du. Jesus berpiztu zuen Jainkoak berpiztuko gaitu geu ere bizitza bete-bete batera.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain