BEHARTSUAK GONBIDATU
Jesusek bizitza-estilo desberdin bat bizi izan zuen. Berari egiaz jarraitu nahi diona gonbidaturik sentitzen da era berri eta iraultzaile batean bizitzera, geure ingurumenean nabari dugun jokatzeko modu «normalarekin» kontraesanean.
Nolatan ez sentitu geure burua nahasirik eta interpelaturik hauek bezalako hitzak entzutean? «Otordu bat emango duzuenean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta anai-arrebak ere, ezta ahaideak eta auzoko aberatsak ere, zeren eta trukean gonbidatu egingo baitzaituzte eta ordaindurik gelditu baitzara… Otordu bat ematean, gonbida itzazu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak. Zorionekoa zu, zeren ezin izango baitizute ordaindu; zuzenak piztuko direnean ordainduko dizute».
Doakotasun eta pobreekiko ardura-jarreraz jarduteko gonbita da, ohikoa ez den zerbait. Partekatzeko gonbita dugu, baina zorrak kobratzea, guztiekin beti zorretan dagoen gizajo hori umiliatuz bada ere, noiz lortuko dabiltzanen logika jarraitu gabe.
Jesusek gogoan dituenak giza harremanak dira, oinarrituak askatasunaren, doakotasunaren eta senide arteko maitasunaren espiritu berrian. Espiritu bat, kontraesanean dagoena sistemaren barneko portaera normalarekin, azkenean beti jenderik babesgabeena zokoratzera jotzen duenarekin, alegia.
Jesusen jarraitzaileok beraren biziera luzatzera deituak garela sentitu beharko genuke, keinu oso koxkor eta apalez izango balitz ere. Hori dugu geure misioa: Jesusen espiritu berria historian txertatzea; diru-gosearen eta metatze egoistaren logikari kontra eginez. Ez dugu lortuko aldaketa egundokorik, eta are gutxiago berehala eta bat-batean. Baina geure jarduera solidario, doako eta senide artekoarekin portaera egoista kritikatuko dugu, bizikidetasun osasungarri baten duintasun gabekotzat emanez.
Jesusi hurbiletik jarraitzen dionak badaki beraren jarduera zoro, deseroso edo jasanezineko gertatzen zaiola jende gehienen «logikari». Baina badaki orobat bere keinu txikiekin gizon-emakumeen behin betiko bizitza seinalatzen eta iradokitzen duela.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain