ELIZA BAT JESUSEN IZENEAN ELKARTUA
Norbait erlijiotik aldendurik bizi denean edota kristauen jarduerak desengainatu duenean, gerta dakioke Eliza erakunde handi gisa bakarrik ikustea. «Nazioarteko» erakunde bezala, alegia; soil-soilik bere interesak defendatzeari eta aurrera ateratzeari emana bezala. Jende horrek Eliza kanpotik bakarrik ezagutu du eskuarki. Vatikanoz mintzo dira, hierarkiaren esku hartzeez, aita santuaren jarduera batzuek sumintzen dute. Horrelakoentzat erakunde anakroniko bat da Eliza, beragandik urrun bizi dira.
Ez da hori elkarte fededun bateko kide direla sentitzen dutenen esperientzia. Hauentzat, Elizaren aurpegi zehatza, ia beti, norberaren parrokia izan ohi da. Igandero Eukaristia ospatzeko elkartzen diren adiskideen taldea da. Topaketa-lekua da, horretan ospatzen dute beren fedea eta horretan otoitz egiten diote Jainkoari elkarrekin. Elkarte horretan bataiatzen dituzte beren seme-alabak edota agur esaten diete beren pertsona maiteei beste bizitzan azken topaketa egin arte.
Elizan bizi denarentzat, bertan Jesusen elkartea bilatuz, Eliza kasik beti eta aldi berean poz-iturri izaten da eta sufrimendu-bide. Alde batetik, estimulu eta gozamen izaten da Eliza; beraren barnean Jesusen oroitzapena esperimenta dezakegu, beraren mezua entzun, beraren espiritua arakatu, Jainko biziarekiko fedea elika dezakegu. Bestetik, Elizak sufriarazi egiten du, bertan inkoherentzia eta ohikeria nabari ohi direlako; sarritan handiegia izaten delako predikatzen denaren eta bizi ohi denaren arteko tartea; ebanjelio-bizitasuna falta izaten delako; gauza askotan Jesusen estiloa galduz joan delako.
Hau da Elizaren tragediarik handiena. Jesus ez da maite, ez beneratzen jada lehen elkarte haietan bezala. Ez da ezaguna, ez ulertua elkarte haien jatortasuna. Aski jende ez da iritsiko susmatzea ere Jesusekin topo egin zuten lehenengo haiek bizi izan zuten esperientzia salbatzailea. Eliza bat moldatu dugu zeinetan kristau ez gutxik uste baitu, irakaspen batzuk onartze hutsagatik eta praktika erlijioso batzuk betetze hutsagatik, Kristori lotua dagoela lehen ikasleak bezala.
Eta, halaz guztiz, beste honetan datza Elizaren funtsezko muina. Kristorekiko atxikipena edo lotura elkartean bizitzean, birgaurkotuz Jainkoaren hurbiltasuna, maitasuna eta barkazioa topatu zuten haien esperientzia. Horregatik, agian, eliz testu oinarrizkoena ebanjelioan irakurtzen ditugun Jesusen hitz hauek dira: «Bi edo hiru nire izenean elkarturik daudenean, han nagoke neu ere beraien artean».
Elizaren lehen egitekoa «Jesusen izenean elkartzen» ikastea da. Jesusen oroitzapena elikatzea, beraren presentzia bizitzea, birgaurkotzea Jainkoarekiko beraren fedea, gaur egun beraren Espirituari bide berriak irekitzea. Hau falta denean, den-denak du arriskua gure eskastasuna dela medio itxuraldaturik gelditzeko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain