JAINKOAREN METAFORARIK HOBENA
Jesusen parabolarik ezagunena, eta, agian, errepikatuena, «aita onaren parabola» deitua da. Zer sentitu zuten buruan lehenengoz entzun zutenek bere semeen zoriona bakarrik zuen aitaren borondateaz mintzo zaigun parabola ahantzezin hau?
Inondik ere, txunditurik geldituko ziren hasieratik. Zer aita-mota zen bere aginpidea ezartzen ez zekien hura?, nolatan onar zezakeen senipartea hil aurretik banatzeko eskatzen zion seme haren lotsagabekeria?, nolatan banatu zezakeen bere jabetza familiaren geroa arriskuan ipiniz?
Jesusek are gehiago txundiarazi zituen hitz egiten hasi zenean aita hark semeari, goseak eta umilazioak jota etxera itzuli zenari, egin zion harreraz. Artean urrun zela, bidera irten zitzaion aita korrika, txeraz besarkatu, biziki musu eman, etorri berria egiten hasi zen aitorpena eten eta seme maitetzat onartu zuen etxean. Entzuleek ezin sinetsi zioten. Aita hark galdu egin zuen bere duintasuna. Ez zuen jokatu familiako buru eta patriarka bezala. Haren keinuak bere semea lotsatik eta desohoretik babestu eta defendatu nahi duen ama batenak ziren.
Geroago agertu zen seme nagusia ere. Pazientziaz entzun zizkion aitak bere salakuntzak, txera bereziaz hitz egin zion ondoren eta jaira gonbidatu zuen. Soilik, bere semeak mahai berean ikusi nahi zituen, jai-otordua partekatzen.
Zer ari zen Jesus iradokitzen? Daitekeena ote Jainkoa horrelakoa izatea? Bere ondarea beretzat gordetzen ez duen aita bat bezala, seme-alaben moraltasunaz obsesionaturik bizi ez den aita bat bezala eta, zuzena omen denaren arauak hautsiz, haientzat bizitza zoriontsua baizik bilatzen ez duen aita bezala? Hau ote da Jainkoaren metaforarik hobena: aita bat «galdurik» dabiltzanei besoak zabalik harrera eskaintzen eta leial zaizkionei jende guztia maitasunez onar dezan erreguka?
Teologoek, hogei mendetan barna, diskurtso sakonak landu dituzte Jainkoaz, baina ez ote da Jesusen metafora hau beraren misterioaren adierazpenik hobena gau oraino?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain