EZINEZKO KONPROMISOA
Jesusen mezuak bizitza goitik behera birplanteatzera behartzen gaitu; Ebanjelioa entzuten duenak sumatzen du, gonbita dela ororen azken zentzua eta jokamoldearen norabide erabakitzailea beste era berri batean ulertzeko, errotik bestelako era batean.
Zail da Jesusen hitzen aurrean axolagabe gelditzea, gutxienez egunetik egunera gizatiarrago izatea posible dela sinesten baduzu. Zail da kezkarik eta hein batean ondoezik ez sentitzea gaurko ebanjelioak gogorazten dizkigun bezalako hitzak entzutean: «Ezin izan zarete Jainkoaren eta Diruaren morroi / neskame».
Ezinezkoa da guztion Aita den Jainkoari leial izatea eta aldi berean diruaren eta norberaren probetxuaren esklabo. Jainkoaren «seme/alaba» bezala bizitzeko modu bat dago bakarrik: «gainerakoen senide bezala» bizitzea. Bere diruaren eta probetxuaren zerbitzura bakarrik bizi dena, ezin arduratzen ahal da bere senideez, eta, ondorioz, ezin izan da Jainkoaren seme/alaba leial.
Jesus benetan aintzat hartzen duenak badaki ezin antola dezakeela bere bizitza beti gehiago eta gehiago edukitzearen egitasmo egoistaz. Probetxu ekonomikoak dominaturik bizi denari, bizitza otoizlari eta zuzena bizi badu ere, kristau izateko zerbait funtsezko falta zaio: behartsuen premiak entzuteko eta halakoei hobeto erantzuteko askatasuna kentzen dion «edukitzearen» esklabotza etetea falta zaio.
Ez du beste hautabiderik. Eta ezin engainatu du bere burua, bihotz-barnean «espirituz pobre» dela uste izanik; izan ere, pobre baten arima duenak ez du jarraitzen bere ondasunez lasai gozatzen, bere ondoan oinarrizkoena ere falta zaion jendea ikusiz.
Halaber, ezin engainatu dugu geure burua, pentsatuz «aberatsak» beti besteak direla. Krisialdi ekonomikoak, hainbat eta hainbat gizon-emakume langabe uzten ari denak, geure aurrekontuak berrikustera behartzen gaitu, ikusteko ea ez ote ditugun murriztu behar lanik gabe gelditu direnei laguntzeko. Test egoki bat izango litzateke jabetzeko zeinen zerbitzari garen: Jainkoaren ala geure diruaren zerbitzari.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain