KLASISMO BERRIA
Ezaguna dugu parabola. Batetik, aberats axolagabe bat «otordu oparoz oparo», bost axola gainerakoen sufrimendua; bestetik, eskale behar-behartsu bat, «inork ez dio ezer ematen». Bi gizon egoismoaren eta solidaritate-faltaren leizeak bata besteagandik oso urrunduak; Jesusen arabera, behin betiko, betikotasun osorako ere, urruntasun bihur daitekeena.
Murgil gaitzen apur bat Jesusen pentsamenduan. Parabolako aberatsa ez du eman Jesusek bere zerbitzukoak eskrupulorik gabe zapaltzen dituen ustiatzailetzat. Ez du hori bere bekatua. Aberatsa gaitzesten badu, bere aberastasunez guztiz axolagabe gozatzen duelako da, Lazaro behartsuagana hurbildu gabe.
Hau da Jesusen konbentzimendu sakona. Aberastasunak, «aberastasunaren gozamen baztertzailea» denean, ez du hazarazten pertsona, baizik eta desgizatiartu egiten du; izan ere, besteen zoritxarraren aurrean gero eta axolagabeago eta solidaritate gabekoago bihurtzen du.
Langabezia klasismo berri bat eragiten ari da gure artean. Lanik dugunon klasea eta ez dutenena. Geure ongizatea hobetuz joan gaitezkeenok eta gero eta pobreago bihurtzen ari direnak. Gero eta soldata handiagoa eta lan-hitzarmen onuratsuagoak eskatzen ari garenok eta jada ezer «eskatu» ezin dutenak.
Parabola geure bizitza atseginarekiko erronka dugu. Jarraitzen al dugu «asteburuko afariak» antolatzen eta geure ongizateaz alegera gozatzean, pobretasunaren mamua familia askoren mehatxu bihurtzen ari den honetan?
Axolagabekeria dugu geure bekatu handia. Langabezia gauza «normal eta eguneroko» bihurtzen ari da, ez baitu jada jenderik eskandalizatzen, ez baikaitu jada hainbeste zauritzen. Nor «geure bizitzan» hesitzen ari gara eta itsu eta sorgor gelditzen gara gizon-emakume askoren frustrazioaren, familia-krisiaren, segurtasun-faltaren eta etsipenaren aurrean.
Langabezia ez da bakarrik, errotik zuzengabea den sistema sozioekonomikoaren porrota islatzen duen fenomeno bat. Langabezia pertsona jakin eta zehatz batzuk dira, orain berean lan baten segurtasunaz gozatzen ari garenon laguntza eske ari direnak. Solidaritate-urrats zehatzak emango ditugu, baldin eta galdera hauei erantzuten ausartzen bagara: zinez beharrezkoa izaten al dugu erosten dugun guztia? Noiz bukatzen da gure premia eta noiz hasten gure apeta? Nola laguntzen ahal diegu langabeei?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain