POSIBLE DA GAUR EGUN ERE JAINKOARI ENTZUTEA
Ikerketa guztiek diote. Erlijioa krisialdia jasaten ari da Mendebaleko gizarte garatuetan. Gero eta gutxiago dira sinespen erlijiosoez interesik dutenak. Teologoen lanek doi-doi dute oihartzunik. Gazteak jarduera erlijiosoak alde batera uzten ari dira. Gizartea goranzko axola-gabeziarantz, gero eta handiagorantz, lerratzen ari da.
Bada, ordea, fededunok sekula santa ahaztu behar ez dugun zerbait. Jainkoak ez du krisialdirik. Izen desberdineko erlijioek iradokitzen duten goreneko Errealitate horrek bizirik jarraitzen du eta eragile. Jainkoak gaur egun ere ondoz ondoko harremanak ditu gizaki bakoitzarekin. Arazo erlijiosoaren krisialdiak ezin eragotzi du Jainkoak jarrai dezan pertsona bakoitzari bere burua eskaintzen bakoitzaren kontzientziaren hondo misteriotsuan.
Ikuspegi honetatik, errore bat da gaur egungo krisi erlijiosoa gehiegi «deabrutzea», Jainkoaren egintza salbatzailearentzat ezinezko egoera izango bailitzan. Ez da horrelakorik. Gizarte-kulturazko testuinguru bakoitzak bere baldintzak ditu, gutxi-asko aldekoak, erlijio jakin baten garapenerako; halere, gizakiak osorik eusten die biziaren azken Misterioari ireki ahal izateko berekin dituen ahalbideei, bere kontzientziaren barruenean interpelatzen dion Misterioari.
«Ezteietara gonbidatuak» izeneko parabola honek era adierazkorrean oroitarazten digu. Jainkoak ez du zapuzten inor ere. Bere antsia bakarra giza historia jai gozagarri batean buka dadin du. Bere antsia bakarra, eztei-areto handia gonbidatuz bete dadin du. Prest da jadanik den-dena. Ezin eragotzi dio Jainkoari inork ere bere gonbita guztiengana helaraztea.
Egia da: dei erlijiosoak ukapena izaten du ez jende gutxiren aldetik, baina Jainkoaren gonbita ez du ezerk ere galgatzen. Guztiek entzuten ahal dute, «onek eta gaiztoek», «hirian» bizi direnek eta «bide gurutzeetan» galdurik dabiltzanek, ongiaren, maitasunaren eta zuzentasunaren deia entzuten duen pertsona oro ari da Jainkoa onartzen.
Burura datozkit Jainkoaz kasik dena ezezagun duten pertsonak. Gauza erlijiosoez kasik karikatura bakarrik ezagutzen dute. Ezin susmatuko dute sekula «sinestearen poza». Seguru nago ezen Jainkoa bizirik eta eragile dagoela halakoen izatearen barruenean. Seguru nago ezen halakoetako askok onartzen duela Jainkoaren gonbita nik ezagutzen ez ditudan bideetatik.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain