JAINKOAREN ERREINUAREN EGITASMOA
Liburu oso interesgarriak idatzi izan dira «kristautasunaren esentzia edo funtsa» non dagoen definitu nahiz. Halere, kristau-fedearen giharra ezagutzeko ez dago inolako teoria teologiko batera joan beharrik. Lehenengo gauza atzematea da zer edo zein izan zuen Jesusek bere xedea, zer izan zuen bere bizitzako muina, zer izan zen buru-belarri bere zeregin guztia eskaini zion hura.
Gaur egun inork ez du zalantzarik ezen Markosen ebanjelioak trebeki laburtu duela Jesusen bide hori hitz hauekin: «Hurbil da Jainkoaren erreinua. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri On hau». Jesusen xedea berak «Jainkoaren erreinua» deitzen zuena munduan txertatzea izan zen: guztientzat zuzena eta duina izango zen gizarte egituratu bat egitea, Jainkoak nahi duen bezalakoa.
Munduan errege Jainkoa denean, gizadiak aurrera egiten du zuzentasunean, solidaritatean, errukian, anai-arreba artekotasunean eta bakean. Honi suharki emanik bizi izan zen Jesus. Horregatik pertsegitu, torturatu eta erail zuten. «Jainkoaren erreinua» izan zuen berak bere absolutua.
Bistakoa da konklusioa: kristautasunaren indarra, motora, xedea, arrazoia eta azken zentzua «Jainkoaren erreinua» da, eta ez beste ezer. Kristauen nortasuna, espiritualitate baten egia edo Elizak egiten duenaren egiatasuna neurtzeko irizpidea «Jainkoaren erreinua» da beti. Erreinu bat, mundualdi honetan hasten dena eta bere betea betiko bizitzan lortuko duena.
Bizitza Jesusek ikusten zuen bezala ikusteko era bakarra, gauzak berak sentitzen zituen bezala sentitzeko, berak jokatzen zuen bezala jokatzeko era bakarra, nork bere bizitza mundu gizatiarrago bat eraikitzera bideratzea da. Alabaina, kristau askok ez du entzun ere horrela hartutako «Jainkoaren erreinuaz» hitz egiten. Eta teologo ez gutxik apurka aurkituz ibili behar izan dugu geure bizitzan.
Kristautasunean txertatuz joan izan diren «heresietako» bat Eliza absolututzat hartzea izan da. Eliza muintzat hartzea, errealitate bat zeinen mende gelditu behar baitu gainerako guztiak; Eliza Jainkoaren erreinuaren «ordezko» bihurtzea; Elizagatik lan egitea eta beraren problemez kezkatzea, baina munduan den sufrimena eta bizitza zuzenkiago antolatzeko borroka alde batera utziz.
Ez da gauza erraza Jainkoaren erreinuaren arabera bideratutako kristautasun bati eustea, baina, bide horretan lan egiten denean, fedea eraldatu egiten da, sortzaileago bihurtzen da eta, batez ere, ebanjelioaren araberakoago eta gizatiarrago.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain