ELIZAREN KONBERTSIOAN PARTE HARTU
Ez dira gutxi fedetik urrundu direnak, Elizaren jardueraz eskandalizaturik edo desengainaturik, beraien ustez ez zaiolako leiala ebanjelioari, beraren jokabidea bat ez datorrelako predikatzen duenarekin. Jesusek ere zorrotz kritikatu zituen buruzagi erlijiosoak: «Ez dute egiten esaten dutena». Jesus, ordea, ez zen gelditu horretan. Bila eta denei deika jarraitu zuen Jainkoaren aurrean duinagoa eta erantzukizunezkoagoa den bizierara.
Urtetan barna, neuk ere ezagutu ahal izan ditut, oso hurbiletik ere, ebanjelioarekin oso koherente ez diren Elizaren jarduerak. Batzuetan eskandalizatu egin naute, beste batzuetan kalte egin didate, kasik beti pena handiz utzi naute. Gaur egun, halere, inoiz baino hobeto ulertu dut Elizaren eskastasunak ez duela zuzenesten nire fedearen eskastasuna.
Elizak aldaketa handia jo beharko du, baina gauza garrantzizkoa bakoitzak nork bere fedea eraberritzea izango da, ikastea beste era batean sinesten, ez bizitzea Jainkoari iskin eginez, nork bere kontzientziaren deiari jator jarraitzea, bizitza ikusteko era aldatzea, ebanjelioaren muina aurkitzea eta hartaz gozatuz bizitzea,
Elizak gainditu beharko ditu bere inertziak eta beldurra, gizarte modernoan ebanjelioa haragitzeko, baina bakoitzak aurkitu beharko dugu gaur egun inoiz baino egiazkiago jarraitu ahal diogula Kristori, sostengu sozial faltsurik gabe eta ohikeria erlijiosorik gabe. Bakoitzak ikasi beharko dugu ebanjelio-era gabiagoz bizitzen, bai lana eta festa, bai jarduera eta isiltasuna, gizarteak modelatu gaitzan utzi gabe eta epelkeria moderno honetan nork bere kristau-nortasuna galdu gabe.
Elizak sakon berrikusi beharko du Kristorekiko bere leialtasuna, baina bakoitzak egiaztatu beharko dugu Kristorekiko geure atxikipena. Bakoitzak zaindu beharko dugu Jesusengan agertu zaigun Jainkoarekiko geure fedea. Eliza-erakundearen bekatuak eta miseriak ez naute liberatzen ezertatik, ez naute erantzukizun gabetzen ezertaz. Jainkoari irekitzeko edo berari uko egiteko erabakia neurea dut, bakarrik.
Elizak bere konfiantza iratzarri beharko du eta gaur egungo munduari esperantza kutsatzea eragozten dioten bere koldarkeriak eta errezeloak alde batera utzi beharko, baina bakoitza gara norberaren barne pozaren erantzule. Bakoitzak elikatu beharko dugu geure esperantza benetako iturrira joz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain