JESUSEN ZAIN KRISEILUAK PIZTURIK
Lehen kristauen artean baziren, dudarik gabe, ikasle «onak» eta ikasle «txarrak». Hain zuzen, bere ebanjelioa idaztean, Mateok gogorarazi nahi digu ezen kristau-elkartean badirela ikasle «zentzudunak», erantzukizunez jokatzen dutenak, eta ikasle «zentzugabeak», axolagabe eta zabar jokatzen dutenak. Zer esan nahi du honek?
Mateok Jesusen bi parabola dakarzkigu. Lehenengoa oso argia da. Badira batzuk «Jesusen hitza entzuten dutenak» eta «betetzen dutenak». Serioski hartzen dute ebanjelioa eta beren bizieraz adierazten dute ebanjelio hori. Etxea arroka gainean eraikitzen duen «gizon zuhurra» bezalakoak dira, Jende-mota hau sailik erantzukizunezkoena da: beren bizitza eta Elizarena Jesusen egiaren gainean eraikitzen ari direnak dira.
Badira ere Jesusen hitza entzuten dutenak eta «betetzen ez dutenak». «Bere etxea hondar gainean eraikitzen duen» gizona bezalako zoroak dira. Erokeria hutsa da beraien bizitza. Den-dena beraien arazoa bakarrik balitz, kristautasuna itxurakeria hutsa izango litzateke, Jesusen gaineko benetako oinarririk gabea.
Parabola hau beste kontaera bateko funtsezko mezua atzemateko laguntza dugu: neska-talde bat, poz-pozik, senarraren zain egotera irten da, eztei-jaian berari lagun egiteko. Hasieratik adierazten zaigu batzuk «zentzudunak» direla eta beste batzuk zentzugabeak.
«Zentzudunek» berekin dute olioa kriseiluak pizturik edukitzeko; «zentzugabeak» ez dira horrelako ezertaz arduratu. Senarra berandutu egin da, baina iritsi da, halere, gauerdian. «Zentzudunak» beren kriseiluekin bidean argi egitera irten dira, lagun degiote senarrari eta «berarekin sartu dira jai-aretora». «Zentzugabeek», berriz, ez dakite nola konpondu beren problema: «kriseiluak itzali egin zaizkie». Horrela ezin lagun egin diote senarrari. Iritsi direnean beranduegi da. Atea itxia dago.
Mezua argia da eta larria. Zorakeria da ebanjelioa entzuten jarraitzea ahalegin handiagorik egin gabe hura bizi bihurtzeko; kristautasuna hondar gainean eraiki nahi izatea da. Eta erokeria da Jesu Kristo aitortzea itzalia den bizi batekin, beraren espiriturik eta egiarik gabea den bizi batekin: Kristoren zain, «itzaliak diren kriseiluekin» egotea da. Jesus berandutu daiteke, baina guk ezin dugu geure konbertsioa gehiago atzeratu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain