EZ GERLARI GURE ARTEAN
Juduak harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Tradizioaren arabera, Jainkoak berak erregalatu zion bere herriari. Harengandik hartu zuten gauzarik hobena zen. Lege horretan dator egiazko Jainko bakarraren gogoa. Hor aurki dezakete Jainkoari leial izateko behar duten guztia.
Jesusentzat ere garrantzizkoa da Legea, baina ez dio ematen jadanik erdigunea. Berak beste esperientzia bat bizi eta komunikatu du: iristear da Jainkoaren erreinua; Aita gure artean bidea urratu nahian dabil, mundu gizatiarrago bat egiteko. Ez da aski Moisesen Legea betetzea. Beharrezkoa dugu Aitari bihotza irekitzea eta beraren lankide izatea bizitza zuzenago eta haurrideago (anai-arreba artekoago) bihurtzeko.
Horregatik, Jesusen arabera, ez da aski Legea betetzea, «ez erail» agintzen duena. Beharrezkoa da, horrez gain, gure bizitzatik erauztea oldarkortasuna, inor mespretxatzea, irainak edo mendekua. Erailtzen ez duenak Legea betetzen du, baina, indarkeriatik liberatzen ez bada, ez du bere bihotzean artean Jainko hori, gurekin batean bizitza gizatiarrago bat eraiki nahi duen hori.
Behatzaile batzuen arabera, zabaltzen ari da egungo gizartean hizkuntza bat, oldarkortasuna hazten dela islatzen duena. Gero eta ugariago dira laido iraingarriak, soilik umiliatzeko, mespretxatzeko eta zauritzeko botatzen direnak. Ukapen, erresumin, gorroto edo mendekutik jaiotako hitzak izaten dira.
Bestetik, elkarrizketak hitz zuzengabez ehuntzen dira sarritan, gaitzespena eta errezeloa ereinez. Maitasunik eta begirunerik gabe esandako hitzak, bizikidetasuna pozoitzen eta kalte egiten dutenak. Hitzak, ia beti, haserretik, txikikeriatik edo doilorkeriatik jaioak.
Ez da hau guztia gizarte-bizikidetzan bakarrik gertatzen. Problema larria da Elizaren barnean ere. Frantzisko aita santuak sufritu egiten du banaketa, gatazka eta aurkaritza ikustean: «kristauak gerlan beste kristau batzuen aurka». Ebanjelioaren hain kontrako egoera da, non guztioi premiazko deia zuzendu beharra sentitu baitu: «Ez gerlarik gure artean».
Honela mintzo da Aita Santua: «Min ematen dit egiaztatzeak nola kristau-elkarte batzuetan, eta baita pertsona sagaratuen artean ere, lekurik ematen diegun askotariko gorroto, kalumnia, difamazio, mendeku, zelo, edozein gauzaren bizkar norberaren ideiak ezarri nahiari, eta baita pertsekuzioei ere, sorgin-ehiza gupidagabeko ematen dutenei. Nor ebanjelizatu nahi dugu portaera horrekin?» Aita Santuak Eliza honen alde lan egin nahi du: zeinetan «guztiek miretsi ahal dezaten nola zaintzen duzuen batak bestea, nola jaten ematen diozuen batak besteari, eta nola lagun egiten diozuen batak besteari».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain