GIZARTE BAZTERKETAREN AURKA
Judu-gizartean, lepraduna ez zen soilik pertsona gaixo bat. Beste ezer baino lehen, kutsatua zen. Izaki desohoratu bat, gizartean tarterik ez zuena, inon ere harrera onik egiten ez zitzaiona, bizitzatik baztertua. Lebitarrei liburu zaharrak argiro esaten zuen: «Leprak jotako gizonak arropak urraturik eramango ditu, ilea harro, eta Kutsatua! Kutsatua! oihu eginez ibiliko da. Gaitzak alde egin arte kutsatua izango da eta bakarrik biziko, kanpalekutik aparte» (13,45-46).
Jarrera zuzena, Liburu Santuek berretsia, argi dago: gizarteak zokoratu egin behar ditu lepradunak bizikidetasunetik. Hori da gauzarik hoberena guztientzat. Baztertze- eta ukapen-jarrera sendoa. Beti izango da gizartean sobera den jenderik.
Jesus asaldatu egin da egoera horren aurrean. Behin batean, lepradun bat hurbildu zitzaion, jende guztiari lepradun zela adieraziz segur aski. Jesus bakarrik dago. Ikasleek alde egin dute, agian, izuturik. Lepradunak ez dio eskatu «senda dezan», «baizik eta «garbi gerta dadin». Nahi duena, kutsaduratik eta gizarte-ukapenik libre gelditzea da. Hunkiturik gelditu da Jesus, eskua luzatu, lepraduna «ukitu» eta diotso: «Nahi dut, Geldi zaitez garbi».
Jesusek ez du onartu lepradunak eta kutsatuak bazter uzten dituen gizarte bat. Ez du onartu gizarte-ukapena jende ez-desiragarri denarekiko. Jesusek ukitu egin du lepraduna, beldurretik, aurreiritzitik eta tabuetatik liberatzeko. Garbitu egin du, denei esateko, Jainkoak ez duela inor ez baztertzen, ez zigortzen gizartetik ertzera botaz. Gizartea izan ohi da, soilik bere segurtasun propioa kontuan hartuz, hesiak eraiki eta bere baitatik duingabeak baztertzen dituena.
Duela urte batzuk denok entzun ahal izan genuen promesa, Estatuko erantzule gorenak hiritarrei egina: «Garbituko dugu kalea gaizkile txikietatik». Itxuraz, gizarte garbi baten barnean, jende zintzoaz eratuan, bada «zabor» bat, baztertu beharrekoa, kutsa ez gaitzan. Zabor bat, egia esan, ezin birziklagarria; izan ere, gaur egungo kartzela ez dago egina inor birgaitzeko, baizik eta «gaiztoak» zigortzeko eta «zintzoak» defenditzeko.
Bai erraza dela «hiritarren segurtasuna» gogoan izatea eta gaizkile txiki, drogadikto, prostituitu, eskale eta deserrotuez ahanztea. Azken hauetako askok ez du ezagutu sukalde bateko gozotasuna, ezta lan baten segurtasuna ere. Betiko harrapaturik, ez daki nola irten bere zori tristetik, eta, ezin ere, ezin du. Eta guri, hiritar eredugarrioi, geure kaleetan hesiak ezarri besterik ez zaigu otutzen. Itxuraz, den-dena zuzena eta oso «kristaua». Baina baita Jainkoaren aurkakoa ere.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain