ZORIONTASUNA MEHATXUPEAN
Mendebaldeak ez du sinetsi nahi izan maitasuna dela gizakiarentzat eta gizartearentzat biziaren eta zorionaren iturburu. Jesusen zoriontasunek hizkuntza ulertezin eta sinestezin izaten jarraitzen dute, kristau deitzen garenontzat ere.
Zoriontasuna beste gauza batzuetan ezarri dugu. Zoriontasuna ongizatearekin nahasteraino iritsi gara. Eta, gutxi diren arren agirian aitortzera ausartzen direnak, askorentzat gauza erabakitzailea zoriontsu izateko «dirua edukitzea» da.
Doi-doi dute beste bizi-egitasmorik. Dirua edukitzeko lan egin. Dirua eduki gauzak erosteko. Gauza askoren jabe izan gizarte-maila bat lortzeko eta gizartean norbait izateko. Hau da sinesten dugun zoriontasuna. Egin nahi dugun bidea zorion bila.
Gizarte batean bizi gara, badakiena honetan guztian zerbait zoro dagoela azken batean, baina gai ez dena benetako zorion bila ibiltzeko. Bizi dugun biziera dugu gustuko, nahiz sentitzen dugun ez gaituela zoriontsu egiten.
Fededunok gogoratu beharko genuke, Jesus ez dela mintzatu zoriontasunez bakarrik. Orobat bota ditu madarikazio mehatxagarriak, maitasunaren deia alde batera utziz, beren ongizate hutsaz gozatzen dutenen aurka. Hau da Jesusen mehatxua: beren bihotz egoistak gura duen oro daukaten eta gozatzen dutenek, ikusiko dute egun batean ez dagoela beraientzat jada dastatu duten zoriontasuna besterik.
Agian aldi bat bizitzen ari gara zeinetan hasiak baikara sumatzen Jesusen mehatxupean datorren azken egia: «ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza! Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete! Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue!».
Esperimentatzen hasiak gara ezen zoriontasuna ez datzala ongizate hutsean. Ugaritasunaren zibilizazioak bizi-baliabideak eskaintzen dizkigu, baina ez bizitzeko arrazoiak. Gaur egun jende askok bizi duen aseezina ez dator bakarrik eta nagusiki ekonomia-krisialditik, baizik eta guztien gainetik bizitzeko, borroka egiteko, gozatzeko, sufritzeko eta esperantza izateko benetako arrazoien krisialditik.
Jende gutxi bizi da zoriontsu. Gauza asko ikasi dugu, baina ez dakigu zoriontsu izaten. Hainbat eta hainbat gauzaren beharra dugu ezen premiadun behartsu baikara. Geure ongizatea lortzearren, gai gara gezurra esateko, iruzur egiteko, batak besteari saldukeria egiteko eta elkar suntsitzeko. Eta horrela ezin izan zoriontsu.
Eta Jesusek arrazoia balu? Ez al dago gure zoriontasuna bizikiegi mehatxupean? Ez al gaude beste gizarte baten bila ibili beharrean, idealtzat izango ez duena azkenik gabeko garapen materiala, baizik eta guztien bizi-premiak asetzea? Ez al gara zoriontsuago izango premia gutxiago izaten eta gehiago partekatzen ikasiko dugunean?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain