EZ DAKIGU FEDEA AHOGOZATZEN
Agian, gaur egungo kristautasunaren zoritxarrik handienetako bat «esperientzia erlijiosoaren» falta da. Jende askok dio kristau dela, baina, halere, ez dakite zer den nork bere fedeaz gozatzea, Jainkoarekin gustura sentitzea eta Jesusekiko atxikimendua dastatuz bizitzea. Nolatan izan daiteke fededun Jainkoaren maitasun onargarriaz sekula gozatu gabe.
Izaera sakonki arrazionaleko teologiaren garapenak eta Mendebaldean formulazio kontzeptualari eman zaion garrantziak sarritan eraman gaituzte honetara: fedea Jesu Kristorekiko «atxikimendu doktrinal» bezala hartu eta bizitzera. Aski kristau dira Jesusez «gauzak sinesten dituztenak», baina gauza ez direnak berarekin gozo-gozo jarduteko.
Antzeko zerbait gertatzen da batzuetan liturgia-ospakizunean. Zehatz betetzen dira kanpoko errituak eta hitz ederrak ahoskatzen dira, baina ematen du dena pertsonagandik «kanpo» gertatzen dela. Mihiaz abesten da, baina bihotza absente dago. Jaunaren Gorputza hartzen da, baina ez du eragiten komunikazio bizirik berarekin.
Esanguratsua da Bibliako irakurgaiarekin gertatzen dena ere. Exegesi modernoan egindako aurrerapenek inoiz ez bezala ezagutzeko modua egin digute: liburu santuen eraketa, genero literarioak edota ebanjelioen egitura. Halaz guztiz, ez dugu ikasi Jesusen ebanjelioa ahogozatzen.
Honek guztiak sentipen arraroa eragiten du. Esango litzateke «fedearen epidermisean, azalean» mugitzen garela. Elizan ez da falta hitzik, ez sakramenturik. Igandero predikatzen da. Eukaristia ospatzen da. Ospatzen dira bataioak, lehen jaunartzeak eta sendotzeak ere. Baina «zerbait» falta da, eta ez da gauza erraza justu zer den falta dena esatea. Hau ez da lehen kristauek bizi izan zutena.
Espirituaren esperientzia berri baten beharra dugu, barnez biziaraziko gaituena eta, Loiolako Ignaziok esaten zuen bezala, «gauzak barnez sentitzen eta dastatzen» irakatsiko diguna. Sinesten dugula esaten dugun hori dastatzea falta zaigu, geure baitan Jainkoaren presentzia isila baina egiazkoa ahogozatzea. Berarekin berezkotasuna bizitzea falta zaigu, beraren maitasunean konfiantza gozagarria bizitzea.
Jainkoaren esperientzia hau ez da geure ahaleginaren eta indarraren fruitu. Espirituari «txoko bat egin behar zaio» bizitzan eta bihotzean, geure ospakizunetan eta kristau-elkartean. Gure egun hauetako Elizak ere entzun egin behar ditu Jesusek emakume samariarrari esandako hitzak: «Jainkoaren dohaina ezagutuko bazenu…». Bihotza Espirituaren egintzari irekitzen dionean aurkitzen du fededunak Jesusek promes egindako ur hori: gure baitan «betiko biziraino jauzi egiten duen iturri» bihurtzen dena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







