EGIAREN LEKUKO
Bada Jesus definitzen eta beraren jokabide guztia eratzen duen ezaugarri bat: egian bizitzeko duen gogoa. Harrigarria da errealitatean bizitzeko agertu duen erabakia, engainatu gabe, ez bere burua, ez beste inor. Historian ez da ageri sarritan horrelako gizon bat. Jesusek ez du soilik egia esaten. Egian sinesten du eta egia bilatzen du. Konbentzimendua du ezen egiak denak gizatiartzen dituela.
Horregatik, ez du jasaten ez gezurra, ez ezer tapatzea. Ezin jasan du gauzak nahas-mahas egitea edo maneiatzea. Ez da ikusten beragan egia disimulatu edota propaganda bihurtu nahi izateko asmo-izpirik. Errealitatearekin ondradu jokatzeak aske bihurtzen du pertsona egia osoa esateko. Jesus «ahotsik gabeen ahots eta ahots gehiegi dutenen aurkako ahots» bihurtu da (Jon Sobrino).
Jesus beti gauzen hondo-hondora joan ohi da. Aginpidez hitz egiten du, egiatik hitz egiten duelako. Ez du sasi-aginpide beharrik. Konbentzimenduz hitz egiten du, baina dogmatismorik gabe. Ez du inor estutu beharrik. Aski du bere egia. Ez du oihu egiten ezjakinen aurka, baizik eta, beren probetxurako, zuzengabeki jokatzeko egia faltsutzen dutenen aurka.
Jesusek egiaren bila jarduteko gonbita egin digu. Ez du hitz egiten burubero edo fanatikoek bezala, hauek derrigorrean ezarri nahi izaten baitute; ezta funtzionarioek bezala ere, hauek beharturik «defendatzen baitute». Guztiz xume eta guztiz jaun bezala esaten ditu gauzak. Esaten eta egiten duena guztiz garden izaten da eta ulertzeko erraza. Berehala atzematen du jendeak. Jesusekin harremanetan bizirik, nork bere buruarekin topo egiten du eta bere baitan duen alderik onenarekin. Geure egia propiora eramaten gaitu Jesusek.
Gizon hau Jainkoaz, zoritxarrekoena eta babesgabeena den jendearentzat bizitza duin bat nahi duen horretaz, hitz egiten duelako egiten da sinesgarri. Gizon honen hitza ez da bere probetxua bakarrik bilatzen duen iruzurti batena. Ezta bere ongizate espirituala bilatzen duen erlijioso eraspentsu batena ere. Onartu nahi dutenentzat, Jainkoaren egia dakarren baten hitza da.
Laugarren ebanjelioaren arabera, Jesusek esan du: «Ikusten ez dutenek ikus dezaten etorri naiz ni mundu honetara, eta ikusten dutenak itsu geldi daitezen». Horrela da. Itsu garela aitortu eta Jesusen ebanjelioa onartuko dugunean, egia ikusten hasiko gara.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






