INOR EZ DAGO BAKARRIK
Oraino ere bada kristauen artean nolabaiteko «elitismo erlijioso» bat, maitasun infinitu den Jainkoarentzat gauza duingabea. Bada jenderik pentsatzen duenik Jainkoa aita arraro bat dela: nahiz eta begi-bistan den milioika seme-alaba dituela, eta belaunez belaun ugaltzen ari direla, baina jende horrentzat benetan «bere lehenetsiez» bakarrik arduratuko litzateke Jainko hori. Eta horrela jokatzen bide du beti: «herri hautatu» bat aukeratu duela:dela Israel herria, dela Eliza, eta delako aukeratu horri ematen bide dio bere arreta guztia, gainerako herriak eta erlijioak, nolabait esateko, erdi abandonaturik utziz.
Are gehiago. Esan izan da, lasai asko, «Elizatik kanpo ez dagoela salbaziorik», hain ezaguna den San Ziprianoren esaldia aipatuz, testuingurutik kanpo harturik, baieztapen izugarria gertatzen dena: «Ezin izan du inork Jainkoa Aitatzat ez badu Eliza Amatzat».
Garbi dago Vatikano II.a kontzilioak gainditu egin duela Jainkoari buruzko ikuspegi duintasunik gabeko hori, esanez «Jainkoa ez dagoela urrun bilatzen dutenengandik, ez dela Jainko ezezaguna, itzal eta irudi artean dagoena; guztiek hartzen baitituzte beragandik bizia, inspirazioa, eta Salbatzaileak gizon-emakume guztiak salba daitezen nahi baitu» (Lumen gentium 6); baina gauza bat dira Kontzilioaren baieztapen hauek eta beste bat adimen-ohiturak, kristau ez gutxiren kontzientzia dominatzen segitzen dutenak.
Argiro esan behar da. Jainkoa, guztiak maitasunez kreatu eta kreatzen dituena da, sorkari guztiei eta bakoitzari ematen die bizia. Guztiei deitzen die eta guztiak erakartzen ditu betiko zorionerantz, berarekin bat izateko. Ez da izan ez gizonik ez emakumerik Jainkoak, nori bere izatearen hondo-hondoan, lagun egin gabe bizi izan denik. Gizaki bat dagoen lekuan, edozein duelarik bere erlijioa edo bere agnostizismoa, han dago Jainkoa bere salbazioa sustatuz. Jainkoaren maitasunak ez du inor bertan behera uzten, ez diskriminatzen. San Paulok dioen bezala: «Jainkoak ez du inor bereizten» (Erromatarrei 2,11).
Nazaret bere herrian uko egin diote Jesusi; ondo gogoratzen du Sareptako alargunaren historia, baita Naaman siriarrena ere, biak dira atzerritar eta pagano; argi jarri nahi du Jainkoa bere seme-alaba guztiez arduratzen dela, nahiz Israel herri hautatuko ez izan. Jainkoa ez da gure eskemei eta bereizketei begira gelditzen. Jainkoak ez du inor bertan behera uzten.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







