GUZTIENA DA JAINKOA
Esaldi gutxi aipatu izan bide dira Joanen ebanjelioak Jesusen ahoan ipini duen hau adina. Autoreek fedearen funtsezkoaren laburpena ikusi dute esaldi honetan, II. mendearen hasieran kristau ez gutxik bizi zuen bezala harturik: «Hartaraino maite zuen Jainkoak mundua non bere Seme bakarra eman baitzuen».
Jainkoak mundu guztia maite du, eta ez bakarrik Jesusen mezua iritsi zaien kristau-elkarteak. Gizadi osoa maite du, eta ez Eliza bakarrik. Jainkoa ez da kristauen jabetza. Ezin bereganatu du inongo erlijiok. Ez da kabitzen inongo katedralean, meskitan, sinagogan.
Jainkoa gizaki ororen baitan bizi da, pertsona bakoitzari lagun eginez bere pozaldi eta atsekabeetan. Ez du uzten inor bertan behera, bere bideak eta moduak ditu bakoitzarekin topo egiteko; ez du zertan jarraitu guk markatzen diogun ezeri. Jesusek goizero ikusten zuen Jainkoa «bere eguzkia aterarazten jende onaren eta gaiztoaren gainera».
Jainkoak ez daki, ez du nahi eta ezin egin du maitatu baizik; bere izatearen muinean maitasun baita bera. Horregatik dio ebanjelioak Jainkoak bere Semea bidali duela, ez «mundua gaitzesteko», baizik eta Semearen bidez «mundua salba dadin». Arima adina maite du gorputza, eta adimena adina sexua. Gura duen gauza bakarra, ikustea da, oraintxetik eta betiko, gizadi osoa bere kreazioaz gozatzen.
Jainko hau sufritzen ari da gose direnen haragian, lurrean umiliaturik bizi direnengan; zapalduen baitan dago beraien duintasuna defendatuz, eta zapalkuntzaren aurka borrokan ari direnen baitan dago guztien ahalegina arnastuz. Gugan dago beti, guk hondatzen eta alferrik galtzen duguna «bilatu eta salbatu» nahiz.
Horrelakoa da Jainkoa. Bera ahaztea izango litzateke gure okerrik handiena. Are gehiago. Hesitzea geure aurreiritzietan, geure gaitzespenetan eta geure eskastasun erlijiosoan, jendeari eragotziz lehen eta funtsezko fede hau landu dezan. Zertarako dira on teologoen, moralisten, predikarien eta katekisten diskurtsoak Kreatzailea gorestera eragiten ez badute, munduan adiskidetasuna eta maitasuna hazarazten ez badituzte, bizia ederrago egiten ez badute, argiro hots eginez Jainkoaren maitasunak arnastua duela mundua alde guztietatik?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







