MAITASUNA DA GUZTIA
Juduak seiehun eta hamahiru agindu kontatzera iritsi ziren, Legea osorik gordetzeko bete beharko zituztenak. Horregatik, ez zen harritzeko gauza rabinoen ingurumenean galdera egitea, Jesusi egin diotenaren antzekoa, funtsezkoa zein den bila: zein agindu da guztien artean lehena?
Jesusek argi eta zehatz erantzun die: «Hau da lehenengoa: “Jauna zeure Jainkoa maiteko duzu, zeure bihotz osoaz, zeure arima osoaz, zeure izate osoaz”. Hau da bigarrena: “Maita ezazu zeure hurkoa zeure burua bezala”. Ez da hauek baino agindu handiagorik». Nola entzun eta ulertu ditzakegu gaur egun Jesusen funtsezko hitz hauek?
Bada zerbait guztiz argiro agertu diguna: Maitasuna da guztia. Bizitzan Jainkoak eskatzen diguna maitatzea da. Hori da giltza. Ondoren mota guztietako ondorioak eta eratorpenak atera ahal izango ditugu, baina gauzarik funtsezkoena Jainkoaren aurrean eta gainerakoen aurrean maitasun-jarrera bizitzea da. Beti horrela bizi ahal bagina, salbatua legoke dena. Ez da ezer hau baino garrantzizkoagorik, ezta erlijio jakin bat praktikatzea ere.
Baina, zergatik da maitasuna bizitzari zentzua, egia eta betearen betea ematen dion indarra? Maitasuna erdigune izate hau, kristau-fedearen arabera, errealitate batean sustraitzen da; Jainkoagan, bizitza ororen jatorri den horrengan; Jainkoa bera maitasun da. Hori da kristau-fedearen definizio ausart eta gaindiezina: «Jainkoa maitasun da» (1 Joan 4,8). Nolabait esateko, esapide eskasa bada ere, Jainkoa maitatzea da; Jainkoak ez daki, ez du nahi eta ezin egin du maitatzea besterik. Izan dezakegu dudarik izaki guztiez, baina dudan sekula jarri ezin duguna Jainkoaren maitasuna da.
Preseski horrengatik, Jainkoa maitatzea nork bere ongia aurkitzea da. Jainkoari benetako aintza ematen diona ez da gure gaizkia, baizik eta gure bizia eta betetasuna. Jainkoa maite duenak eta hark maitasun mugagabez maite duela dakienak, bere buruari benetako maitasunez begiratzen, bere burua estimatzen eta beneratzen ikasten du. Zer-nolako indarra eta dinamismoa sortzen dituen gure baitan geure burua era berezi honetan ulertzeak! Zenbat beldur eta larritasun lurruntzen diren gure baitan! Bai desberdina izaten dela bizitza pertsonak hau, esaten ikasten duenean: «Jauna, egin bedi zure nahia, horrela joango baita indartzen nire ongia».
Bestalde, orduan ulertzen da egiazko bere sakontasunean bigarren agindua: «Maita ezazu zeure hurkoa zeure burua bezala». Jainkoa maite duenak badaki ezin bizi dela besteen aurrean axolagabe, kezkatu gabe, guztiez ahazturik. Jarrera gizatar bakarra bizitzan aurki genezakeen edozein pertsonaren aurrean, hura maitatzea da.
Honek guztiak ez du esan nahi era berean bizi behar dituzula emaztearekiko barnetasuna, bezeroarekiko harremanak edota kalean ustekabean aurkitu duzun edozein batekikoa. Jainkoak eskatzen diguna, kasu bakoitzean era baikorrean jokatzea da geuretzat nahi dugun ongia desiratuz. Den-dena ezbai bihurtu nahi den aldi hauetan, on egingo digu gogoratzeak badela eztabaidaezin den gauza bat: gizakia gizatar izango bada, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzen dakiela bizi behar du.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






