JAINKOAREN GONBITA
Ematen duenez, jai-otorduaren parabola oso herrikoia izan zen lehen kristau-belaunaldien artean, eta hirurok jaso dute kontakizuna: Lukasek, Mateok eta Tomasen ebanjelio apokrifoak. Parabolaren bertsioak hain desberdinak dira eta atera ohi diren aplikazioak hain askotarikoak, non jatorrizko kontakizunaren alde funtsezkoak bakarrik tratatu baititzakegu.
Jainkoa azkeneko festa prestatzen ari da bere seme-alaba guztientzat, guztiak ikusi nahi baititu eserita, bere ondoan, mahai bakar baten inguruan, bizi beteaz betiko gozatzen. Hau izan zen, dudarik gabe, Jesusek maiteenak izan zituen irudietako bat, giza historiaren azken azkena «iradokitzeko». Ez zuen aski hitzez bakarrik esatea. Guztien ondoan eseri ohi zen mahaian, eta jende desira ezinekin eta bekatariekin ere egiten zituen otorduak; izan ere, guztiek era plastikoan ikus zezaten nahi zuen Jainkoak egin nahi zuenetik zerbait.
Horregatik, Jesusek, Jainkoaren izenean, gonbit handi bat bezala hartu zuen bere bizitza. Ez zuen ezertara behartzen, ez zuen inor hertsatzen. Jainkoaren berri ona iragartzen zuen, Aitaganako konfiantza iratzartzen zuen, beldurra kentzen zuen, poza eta Jainkoaren desira pizten zituen. Guztiengana iritsi behar zuen gonbitak, batik bat esperantza-behar handiena zutenengana.
Jesus errealista zen. Bazekien gonbitari uko egiten ahal ziotela. Mateoren bertsioan askotariko erreakzioak deskribatu dira. Batzuek jakinaren gainean egin diote uko: «Ez zuten joan nahi izan». Beste batzuek axolagabe erantzuten dute: «Ez zuten jaramonik egin». Gehiago inporta zaizkie beren lurrak eta negozioak. Izan zen, bazen etsaiki erreakzionatu zuenik ere morroien aurka.
Asko dira jadanik Jainkoaren inolako deirik entzuten ez dutenak.Aski dute beren buruaz beren buruari entzuteaz. Egiten ari direnaz, agian, oso kontziente izan gabe, «bakarti» bizi dute beren bizitza, hesiturik beren buruari buruzko amaigabeko monologoan. Arriskua bat bera da beti: egunetik egunera sorgorrago bizitzea beren bizia eralda dezakeen edozein deiri.
Agian, Elizaren zeregin garrantzizkoenetako bat gaur egun eremuak sortzea da eta esperientziak aukeran jartzea, haietan jendeak entzun ahal dezan era xume, garden eta gozagarrian Jainkoaren gonbita, Jesusen ebanjelioan aldarrikatua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






