PROFETEN AHOTSA ITOTZEKO ARRISKUA
Erromatar gudarosteak 70. urtean Jerusalem suntsitu eta judu herria nazio gisa desagertu zenean, kristauek irakurketa izugarria egin zuten gertaera tragiko honetaz. Israelek, Jainkoak hain maite zuen herriak, ez zuen jakin haren deiei erantzuten. Beraien buruzagi erlijiosoek Jainkoak bidalitako profetak hil egin dituzte; azkenean, Jainkoaren Semea bera gurutziltzatu dute. Orain, Jainkoak bertan behera utzi ditu eta bide eman dio Jerusalem suntsitzeari: kristau Elizak ordezkatuko du Israel.
Honela irakurtzen zuten lehen kristauek «mahasti-langile hiltzaileen» parabola, Jesusek Israelgo apaiz nagusiei zuzendua. «Jaunaren mahastia» zaintzeko kargua duten nekazariak erailtzen ari dira, bata bestearen ondoren, jabeak fruitua jasotzera bidali dizkien morroiak. Azkenean, jabearen semea bera erail dute, oinordekoa garbitu eta mahastiaz jabetzeko asmoz. Jabeak ez du langile horiek erail eta mahastia beste nekazari leialago batzuei eman beste erremediorik.
Parabola hau ez zuten jaso ebanjelariek Eliza, Israel berria, judu herriaren, Erromak garaitua eta mundu osoan barna barreiatua izan zenaren, aurrez aurre jarri harro-harro elikatzeko. Beste bat zuten kezka: gerta al dakioke kristau Elizari antzinako Israeli gertatu zitzaion gauza bera? Huts egin al ditzake Jainkoaren igurikimenak, itxaropenak? Eta Elizak ematen ez baditu Jainkoak espero dituen fruituak, zer bide hartuko ditu Jainkoak bere salbazio-egitasmoa aurrera eramateko?
Arriskua beti bat bera da. Israel seguru sentitu ohi zen: Liburu Sakratuak berekin zituen, tenplua ere bai, zorrotz ospatzen zuten kultua, Legea predikatzen zuten; erakundeak zaintzen zituzten. Ez zuten ikusten beste ezeren beharrik. Aski zuten dena ordenan gordetzea. Erlijio bati gerta dakiokeen arriskurik handiena da: profeten ahotsa ito dadila eta apaizek, «jaunaren mahastiaren» jabe direla uste izanik, beren jabetza balute bezala kudeatzea.
Geurea ere dugun arriskua da. Uste izatea Elizaren leialtasuna bermaturik dagoela Itun Berriko izate hutsagatik. Geure burua seguru sentitzea Kristo geure jabetza omen dugulako. Halaz guztiz, Jainkoa ez da inoren jabetza. Bere mahastia berea bakarrik du. Eta Elizak ematen ez badu Jainkoak espero duen fruitua, beste salbazio-bide batzuk urratzen joango da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






